Helegiteak, Astigarragako eta Usurbilgo udalei udaltzainei C1 maila eskatzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 6a, 00:00

Agurtzane Solaberrieta eta Xabier Urdangarin, alkateak.

«Beldurra sortzea da helegiteen helburua, baina epaien mehatxuen gainetik euskeraren eta herritarren eskubideen defentsan jarraituko dugu» adierazi dute bi herrietako alkateek.

 

Azken asteotan helegiteak jaso dituzte Astigarragako eta Usurbilgo udalek, udaltzain berriak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3garren hizkuntza eskakizuna ezartzeagatik. Helegiteei emandako erantzunaren berri emateko eta euskeraren aurkako erabakiaren inguruko irakurketa egiteko, bi udalek agerraldia egin zuten atzo Usurbilen, UEMArekin batera.

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak adierazi duenez, «euskeraren aurkako oldarraldiak ez du etenik, eta zenbait udalerri euskaldun helegiteak jasotzen ari dira azken asteotan, lanpostu batzuei zehaztu diegun hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa dela iritzita». Zehazki, Usurbilgo eta Astigarragako udalek jaso dituzte helegiteak, udaltzain berriak hautatzeko deialdietan 3garren hizkuntza eskakizuna zehazteagatik».

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak ezagutarazi ditu helegiteen nondik norakoak eta bi udalek horiei emandako erantzunak: «Helegiteak jarri dituztenen arabera, 2garren hizkuntza eskakizuna nahikoa da. Ez dugu inolaz ere bat egiten horrekin. Ez baita horrela. Udalerri euskaldunetan, herritarrekin euskerazko harremana izateko, herritarrek esandakoa ulertzeko eta herritarrekin hitz egiteko, 2garren hizkuntza eskakizuna ez da nahikoa, hainbat urtez hainbat udaletan izan diren kasuek eta arazoek erakutsi duten bezala».

 

B2 mailak euskeraz aritzeko gaitasuna ez du bermatzen

Besteak beste, udan ordezkapenak egitera heltzen diren udaltzainen kasua eta antzekoak aipatu ditu Urdangarinek, eta baita horren aurrean UEMAk eta udalerri euskaldunek izandako jarrera ere: «Udalerri euskaldunetara heltzen diren udaltzain berri askok B2 maila dute, eta perfil horrek herritarrekin euskeraz aritzeko gaitasuna ez du bermatzen. Udalei dagokigu herritarrekin harremana izango duten udal langileei dagokien hizkuntza profila zehaztea, eta argi dago udaltzainek ongi moldatu behar dutela euskeraz. Ez ahoz bakarrik. Udaletan sortzen diren idatziak eta dokumentazioa euskeraz jasotzeko eskubidea ere badute herritarrek, eta horretarako gai ez diren udaltzainak hartuz gero, hasieratik jardungo ginateke herritarren eskubideak urratzen».

Testuinguru horretan, helegite hauen helburuaz ez dute zalantzarik UEMAk eta bi udalek: «Argi daukagu zein den helegite hauen helburua: beldurra sortzea, gainerako udalek bide bera hartu ez dezaten, eta 2. hizkuntza eskakizunarekin konforma daitezen, horrek euskeraz lasai aritzea bermatzen ez badu ere. Epaien eta epaitegien mehatxua. Hori da helegite hauekin udalerri euskaldunei adierazi nahi zaiena. Hortik ez segitzeko ohar argia da. Baina udalei eredu izatea dagokigu, eta epaien mehatxuen gainetik euskararen eta herritarren eskubideen defentsan jarraituko dugu.».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!