Etxebizitzarena da arazo larrienetakoa azkeneko urteotan, eta Astigarraga ez dago horretatik salbu. Alderantziz, oso neurri haundian ari da bizitzen hori, besteak beste Donostiatik gertu egoteak areagotutako presioagatik. Horren aurrean, etxebizitzaren arazoari heldu eta, diagnostikoa gauzatuta, 29 neurriko ekintza-plana osatu du Udalak.
Astigarraga hiri tentsionatu izendatzeko eskaera formaletik eratorritakoa da ekintza-plana. Abenduan onartu zuen Udalak, Tokiko Gobernu Batzarrean, Eusko Jaurlaritzari eskaera egitea. Izendapena onartzeak, hainbat abantaila ekarriko lizkieke alokairuen maizterrei. Batetik, kontratua urtero luzatzeko aukera izango dute, 3 urtera arte, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Kontratu berrietan, berriz, alokairuaren prezioa mugatuko da: errentak ezingo du gainditu azken kontratuaren kopurua, eta soilik %10 igo daiteke 10 urtetik gorako alokairuetan, edo etxebizitzan hobekuntzak egin badira birgaitzearekin, energia-eraginkortasunarekin edota irisgarritasunarekin lotuta. Mugatu egingo da azken 5 urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko prezioa ere, erreferentziazko prezioen indizeen sistemaren arabera. Eta modu berean mugatuko da errenta, etxebizitzaren jabeak bost etxebizitza edo gehiago dauzkan kasuetan ere.
Hiri tentsionatu izateko eskaera aurkezteko, diagnostikoa, justifikazio memoria eta ekintza plana idatzi behar izan zituen Udalak, aurretik. «Diagnostikoak argi utzi du, Astigarragak betetzen dituela baldintzak, hiri tentsionatu izendatzeko. Udalerriko familia batek, batazbeste, diru sarreren %31,2 bideratzen du etxebizitza gastuetara (gutxienez %30 izatea da baldintza). Eta bestetik, alokairu errenta %23,1 hazi da 2017tik 2022ra, KPIaren hazkundea baino %9,1 gehiago».
Soilik etxebizitzen %6 hutsik, eta gehienak landa eremuan
Diagnostiko horrek beste hainbat datu esanguratsu azaleratu ditu. 2000-2024 epean, 3.435 biztanletik 7.761era pasa da Astigarraga, eta herrigunean bizi da %92,3a, udalerriko azalera osoaren %24,3an. Guztira 3.362 etxebizitza daude, eta horietatik soilik 196 daude hutsik (%6), gehienak landa eremuan. Gainerakoetan, behera egin du etxebizitza bakoitzeko bizilagun kopuruak, 2009an 2,77 izatetik 2024an 2,53 izatera; eta 822 etxebizitzatan pertsona bakarra bizi da. «Hortaz, pertsona kopuru berdinarentzat etxebizitza gehiago behar dira gaur egun».
Bestalde, Astigarragako etxebizitzak ohikoan baino berriagoak dira (30,4 urte batazbeste), eta azalera haundiagokoak (89,3 metro karratu). Horrek ere eragin du erosketa edo alokairu prezioa garestitzea.
Alokairuan, zehazki, etxebizitzen %12,9a daude, 391 guztira; eta 7 urtetan %25,9 igo da alokairuaren errenta: 2016an 698,1 eurokoa zen batazbeste, eta 2023an 878,9 eurokoa. Era berean, nabarmendu dute emantzipatutako gazte (18-34 urte) astigartarren ehunekoa %45,2koa dela (1.260 gazteetatik 569), Gipuzkoakoarena (%35) eta EAEkoarena (%37) baino nabarmen haundiagoa.
Eta azkenik, aditzera eman dute Etxebiden 1.090 eskaera aktibo daudela inskribatuta Astigarragan, gehien-gehienak udalerritik kanpo erroldatuta daudenenak (%82,8a).
Hemen dago ikusgai diagnostikoa eta memoria osorik.
29 neurriko plana, martxan
Diagnostikoko datuak bilduta, 29 neurriko ekintza-plana idatzi du Udalak, lau ataletan banatuta: alokairu eskuragarria sustatzea; bizitegi eraikinen parkea eta hiri berroneratzea; alokairua prestazioen eta dirulaguntzen sistema; eta gobernantza eta erakundeen koordinatzioa.
Ekintza-planak jasotako neurrietatik, zenbait nabarmendu dituzte Xabier Urdangarin alkateak eta Andoni Gartzia Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotziak. Hasteko, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenean, lursailak aurreikusiko dituzte alokairu babestuko etxebizitzak eraiki ahal izateko. «Horretarako egokiak izan daitezkeen lursailen bila ari gara, herrigunean lursail gutxi baitaude libre». Era berean, tamaina txikiagoko etxebizitzak ere aurreikusiko dituzte, «kontuan hartuta pertsona bakarreko familia unitateak direla etxebizitza eskatzen dutenen %66 inguru». Zuzkidurako etxebizitzak ere sustatuko dituzte, epe baterako etxebizitza beharra duten kolektiboei irtenbide bat emateko, edota behar bereziak dituzten kolektiboei bizitegi alternatibak eskaintzeko.
Etxe huts gehienak landa eremuan daudenez, eta asko egoera kaxkarrean, baserrien birgaitzea ere sustatuko dute, «neurri fiskalak aplikatuz eta araudi urbanistikoa egokituz, eguneratze eta eraberritzeak errazteko». Gainera, etxebizitza hutsei kanona aplikatzea proposatuko dute, 149/2021 dekretuak ahalbidetzen duen aukera hori martxan jarriz.
Bestalde, lurzoru eskubide egoeran dauden etxebizitzak eskuratzen joan nahi du Udalak, pixkanaka. Etxebizitza horietako jabeek salgai jarriz gero, Eusko Jaurlaritzak dauka horiek erosteko aukera lehenik, eta Udalak ondoren. Aukera hori suertatzen denerako, finantza-tresnak prestatu nahi ditu Udalak, alokairu sozialera bideratzeko etxebizitzak eskuratzeko.
Alokairurako dirulaguntzen deialdia, aurrenekoz
Etxebizitzen alokairurako dirulaguntza deialdia zabaltzea ere izango da Udalaren neurrietako bat. Aurrenekoz zabalduko dute deialdia, 2024 urte osoko alokairu gastuak diruz laguntzeko. Hileko errenta 850 euro edo gutxiagoko alokairuak dituztenei emango diete dirulaguntza, eta 18 eta 35 urte bitarteko astigartarrentzat izango da, «Udalarentzat garrantzitsua baita gazteak herrian errotzea eta emantzipatzea».
Eskatzailearen errentaren araberakoa izango da dirulaguntzaren zenbatekoa, baina hilean 300 eurokoa izango da gehienez ere. Denera, 30.000 euroko partida aurreikusi du Udalak horretarako. Aurrera begira, asmoa da dirulaguntza deialdia beste adin-tarte eta familia-mota batzuetara ere bideratzea.
Etxebizitza turistikoen inguruan, kezka
Ekintza-planean jaso du Udalak, baita ere, HAPOren berrikuspenean etxebizitzen erabilera turistikoa arautu eta mugatzea. Izan ere, kezka dauka Udalak, gero eta interes haundiagoa dagoela etxebizitzak erabilera turistikora bideratzeko, Donostiatik gertu dagoela eta. Horrekin batera, etxeetako komunitateei ere bidali die idatzia, jakinarazteko haiek ere badauzkatela mekanismo juridikoak eskura, erabilera hori kontrolatzeko eta pisu turistikoak debekatzeko. Gogoeta piztu nahi dute gaiaren inguruan.
Eta aplikazio bat ere diseinatzen ari da Udala, herriko etxebizitza parkearen egoera kudeatzeko. Horri esker, modu errazean eskuragarri izango du informazio ugari: etxeen eraikitze urtea, igogailua duten ala ez, etxebizitza bloke bateko edo auzo bateko batazbesteko adina...