Astigarragako Plenoan puntu guztiak onartu ziren aho batez, EH Bilduk Baztango Aroztegiko auzipetuen inguruan aurkeztutako mozioa ez beste. Mozioa bera ere onartu zen, baina aho batez izan beharrean, EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJren eta PSE-EEren aurkakoekin.
Aroztegiko gaiaren inguruan, onartu zen babesa ematea zazpi auzipetuei. Lekarozen luxuzko etxebizitzak, hotela, golf zelaia... eraikitzen hasi ziren Nafarroako Gobernuak baimena eman eta gero. Baztango biztanle asko eta asko proiektuaren aurka agertu dira, eta lanak geratu zituzten zazpi baztandar atxilotu zituzten. «Espekulazioaren aurka eta herritarren defentsan» agertu da Astigarragako Plenoa. EAJ eta PSE-EE mozioaren aurka agertu dira, betiere «Nafarroako Gobernuaren erabakia» izan baita, eta erabaki hori errespetatze aldera. Era berean, biharko Iruñeako manifestaziora joateko deia luzatu zuen Udal Gobernuak.
Aho batez onartu ziren beste puntu guztiak
Batzorde informatiboen berrantolaketa onartu zen Plenoan, lehendabizi. Xabier Urdangarin alkateak aipatu zuen multzoka egitea eraginkorragoa dela, eta lau batzorde informatibo eratu dira. Bakoitzean Udal Gobernu taldeko bi ordezkari izango dira, eta oposizioko bi alderdietako ordezkari bana.
Kontratazio mahai iraunkorraren izendapen berriak ere aho batez onartu ziren, eta Tokiko Gobernu Batzordean, Naroa del Ordenek Estibaliz Neira ordezkatuko du. 2025eko langileen zerrendan eta plantilla organikoan aldaketa onartu zen, baita lanpostuen funtzioen fitxak, organigrama eta lanpostuen balorazio taula ere. Aurrera atera zen, era berean, Astigarragako Udalaren ondasun eta eskubideen inbentarioko ibilgailuen epigrafearen inbentarioa ere.
Bestetik, aho batez onartu zen Mendiaundi-Anibarreko bi herri-baratze Emakumeon Etxea elkarteari esleitzeko zuzeneko emakida administratiboa. Lau gorde ziren interes bereziko elkarteentzat, eta Emakumeon Etxeak interesa azaldu zuen bi baratze erabiltzeko. Beste bi baratze ere prest zeuden eskolarentzat, baina ez ditu erabiliko, eta horiek herritarrentzat izango dira. Gainera, aldaketa puntuala onartu zuten Astigarragako Plan Orokorraren testu bateginean, udalerriko anbulatorio berria kokatzeko HJE 9 Ergobia ibilbidea eremuan partzela bat ekipamendu-sistema orokor gisa kalifikatzeko. Egin beharreko tramitea da behin betiko proiektua onartu aurretik.