Dozena bat gai hizpide bihar Astigarragan, urteko lehenengo Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 27a, 00:00

Arratsaldeko 19:00etan bilduko dira, eta ordu erdi lehenago egingo dute Tokiko Gobernu Batzordearen bilera.

Bihar arratsaldean egingo du urteko aurreneko bilkura, Astigarragako Udaleko Plenoak. 12 puntu izango dituzte lantzeko, 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.

Plenoaren hasieran, landuko dituzte batzorde informatiboaren berrantolaketa, kontratazio mahai iraunkorraren zein Tokiko Gobernu Batzordearen izendapen berriak, eta 2025eko langileen zerrenda eta plantilla organikoa. Lanpostuen funtzioen fitxak, organigrama eta lanpostuen balorazio taula ere izango dituzte hizpide.

Bestelako gaiei helduko diete ondoren. Horrela, besteak beste, mahai gainean jarriko dute Emakumeon Etxeari Mendiaundi-Aranibarreko bi herri-baratza esleitzeko zuzeneko emakida; eta anbulatorio berria Ergobia ibilbidean jartzeko,  HAPOn aldaketa puntuala egitea, partzela bat ekipamendu-orokor gisa kalifikatzeko.

Bukatzeko, mozio bat eta protokolo bat izango dituzte eztabaidagai. EH Bilduk aurkeztu du mozioa, Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko. Protokoloa, berriz, sexu jazarpenari aurre egitekoa da, eta Berdintasuneko I. Barne Planaren diagnostikoarekin batera aurkeztuko dute Plenoan.

Tokiko Gobernu Batzordeak, ezohiko bilera aurretik

Plenoaren aurretik, gainera, Tokiko Gobernu Batzordeak egingo du bilera, 18:30etan Alkatetzan, ezohiko deialdian. Bertan, dirulaguntzak izango dituzte hizpide: 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa; Garapenerako Lankidetza Programaren 2024ko dirulaguntzak; eta dirulaguntza izendunak Mundarro Kirol Elkartearentzat eta Emakumeon Etxearentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!