Gaur izango da emakumeentzako 2025eko Jabetze Eskolan izena emateko azken eguna. Izena emateko bi modu daude, batetik, Emakumeon Etxean bertan modu presentzialean, edota link honetan: http://forms.gle/tcMtx1JEyEMhLqv19. Bestalde, telefono bidez (648 41 71 57) edo emailetik (emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com) ere izena emateko aukera dago.
Jabetze Eskoa «hausnarketarako, formaziorako eta harreman sareak eraikitzeko espazioa da. Eskubideak ezagutu eta haien jabe egiteko, bizitzekiko autonomia irabazteko eta buruekiko konfiantza lantzeko topalekua da. Emakumeei dagokien espazioa berreskuratzeko».
Ikastaro, tailer eta taldeen bidez emakumeen ahalduntze prozesuan eragin nahi da eta horretarako ikuspegi feministatik aztertuko dute bizi den errealitatea. Programaren xehetasun guztiak ondorengo estekan ikusi eta irakurri daitezke: https://goo.su/djeXOp.
Mota guztietako tailerrak eta ikastaroak
Guztira hamabost ikastaro eta tailer eskainiko dira. Batzuk otsailean hasiko dira eta udaberrian zehar garatuko dira. Ondorengoak dira: arte garaikidea eta feminismoa; autozaintza taktuaren bidez; baratza feminista; sendabelarrak ezagutzen; xilografia ikastaroa; emakumeon zirkuluak; menopausia taldea; gorputza suspertu eta sasoitu, dantzatuz; amatasunen topalekua; arropa tuneatzeko tailerra; animal flow; antzerkia; kafe tertuliak; erditze ostean zoru pelbikoa lantzeko taldea; ama yoga; eta yoga haurdunaldian.
Izenemateko garaian bazkideek lehentasuna dute. Bazkide egitea doakoa da eta emakumeon etxean egin daiteke. Plazak amaitzen badira, hautaketa zozketa bidez egingo da eta 15 euroko ekarpena eskatzen diete partaideei.
Ekarpen hau ikastaroaren hasieran egingo da. Ikastaro batean baino gehiagotan parte hartu arren, nahikoa izango da ekarpena behin egitea. Aurrez abisatuta haur zaintza zerbitzu doakoa izango da.