Foru diputatuen Kontseilu ibiltaria Astigarragan bildu zen aurreko astean. Aurretik, Xabier Urdangarin alkatea eta Eider Mendoza diputatu nagusia bildu ziren Astigarragarentzat garrantzitsuak diren gaiak eta beharrak lantzeko. Aldundiarekin batera landu beharreko gaiak dira, besteak beste: autobus zerbitzua, kiroldegiko eraberritzea eta eguneko zentroa.
Autobus zerbitzuaren inguruan Udalak, «kontuan hartuta Astigarragan jasotzen ari garen zerbitzuak hutsune asko dituela», aspalditik lantzen dituen linea berberetan diputatuekin izandako bileran, oro har, eskatu zuen autobus-zerbitzuaren maiztasuna haunditzea eta Donostiako mendebaldearekiko zuzeneko konexioa aztertzea (unibertsitateak eta ospitaleak).
Udala aurten hasiko da kiroldegia berritu eta haunditzeko obrekin. 8,5 milioi euroko aurrekontua duen proiektua denez eta Udala proiektu hori bideratzeko egiten ari den eta egingo duen ahalegin ekonomikoa oso haundia denez, Udalak 2025-2027 kirol-inbertsioen planean laguntza garrantzitsua jasotzea eskatu zuen bileran.
Eguneko zentro berriari dagokionez, Udalak 55 urtetik gorako pertsonak batuko dituen espazio atsegin bat sortzeko lanetan A* elkargunea +55 partaidetza-prozesuaren abian du, eta era berean Aldundiarekin harremanetan dago gaia lantzeko. Izan ere, eremu horretan ere eguneko zentro berria egitea aurreikusten baita, 30 plaza sartzeko gaitasuna izango lukeena. Udala Aldundiarekin lanean ari da gai honen inguruan, baina oraingoz ez du erantzunik jaso. Hori dela eta, bileran Udalak eguneko zentro berri hori onartzea eta egitea eskatu zuen.
Foru-funtsa ere aztertu zen eta Udalaren eskaera izan zen herriaren eta biztanleriaren hazkundea hain azkarra duten herriak kontuan hartzea finantzaketari eta dirulaguntzei dagokienez.
Nekazaritza erabilerako lurren konpentsazioa eta Sagardoetxearen finantzaketa
Gai horiekin batera, Udalak beste bi eskaera egin zituen. Lehenik eta behin, Astigarragan zabaldu nahi den garraio-hiriari dagokionez, Udalak eskatu zuen nekazaritza-erabilerako lurrak konpentsatzeko eta eguzki-plaken proiektua kontuan hartzeko. Bigarren eskaera, Sagardoetxearekin lotuta, Sagardoetxearen finantzaketan dirulaguntza haundiagoa ematea izan zen. Sagardoetxearen finantzaketaren zatirik haundiena Udalak hartzen du bere gain, eta Aldundiaren ekarpena txikia da. Sagardoetxea gune garrantzitsua da turismoari dagokionez, eta bisitari asko ditu; beraz, Udalak Aldundiaren ekarpena haundiagoa izatea nahiko luke.
Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eskertu zien diputatu nagusiari eta Diputatuen Kontseiluari Astigarragara bertaratzea, «gure herriaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko».
Bilera honek emaitzak ematea espero du alkateak, premiazko gaiak baitira, Udalarentzat eta Astigarragako herritarrentzat garrantzitsuak.