Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Astigarragan elkartu zen asteartean, txotx denboraldia hasi baino egun bat lehenago, legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien esparruan. Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Xabier Urdangarin alkateak lan-bilera bat egin zuten, eta bertan aztertu zituzten Astigarragako Udalak mahai gainean dituen proiektu, behar eta erronka nagusiak, hala nola mugikortasuna hobetzea, etxebizitzarako sarbidea, kirol-instalazioak eta udalerriko adinekoen arretarako eta zainketarako baliabideak indartzea.
Bestalde, komunikabideei egindako adierazpenetan, Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eskertu egin zion diputatu nagusiari eta Diputatuen Kontseiluari Astigarragara bertaratzea, «gure herriaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko». Izan zuten bileran hainbat gai mahai gainean jarri zituela adierazi zuen, «astigartarrentzat garrantzitsuak direnak. Hala nola: garraio publikoaren arazoa eta autobus zerbitzua indartzeko premia (maiztasuna haunditu eta ospitaleetara/unibertsitateetara zerbitzua); hazkunde haundi eta azkarra duten udalerri txikien finantzaketa hobetzeko eta doitzeko beharra, hazkunde horri aurre egiteko ekipamendu publikoak azkartzeko; bizikleta zerbitzu publikoak eta bidegorri-sarea hobetzeko apustua; eguneko zentro berriaren proiektua, besteak beste».
Aldundiko Kontseilua Astigarragako Sagardoetxean elkartu zen
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak herriko proiektuak eta estrategiak ezagutzeko topaketa baloratu zuen, eta udal-ordezkarien kezkak eta iradokizunak jaso zituen: «Bilera honek argi erakusten du erakundeek elkarrekin eta lerrokatuta lan egiten dutenean, eraginkortasunez ekin diezaiekegula udalerriaren erronkei, gure komunitateari zuzenean mesede egiten dioten eta haren garapena indartzen duten neurriak eta proiektuak bultzatuz».
Aldundiaren Kontseilua Astigarragan elkartzearen arrazoia izan zen, Gipuzkoako udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak hurbiletik ezagutzea, horiekiko lankidetza indartuz eta jarduera instituzionala herritarrengana hurbilduz. Oraingo honetan, sagardotegien 2025eko denboraldiaren hasieran, Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza, gainontzeko foru diputatuekin batera, bileraren buru izan zen Astigarragako Sagardoetxean hainbat neurri eta erabaki onartzeko.
Kontseilu ibiltariaren ondoren, foru diputatuek Sagardoetxea ezagutu ahal izan zuten.