Pasa den astelehenean, berriro martxan jarri zen emakumeentzako aholkularitza juridikoko udal zerbitzua. Hilean behin eskainiko da, astelehen arratsaldez. Urtarrilekoa pasata, otsailaren 17an izango da bigarrena. Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da Emakumeon Etxean. Udal zerbitzu honek emakumeek gai anitzekin lotutako gatazkei buruzko aholkularitza juridiko espezializatu bat izateko eskubidea bermatu nahi du. «Aholkularitza horrek aukera emango digu epairik gabeko espazio seguruan entzunak izateko, dauzkagun eskubideak eta gatazkei aurre egiteko tresnak ezagutzeko, erabakiak hartzeko segurtasuna eta motibazioa handitzeko eta baliabideak antzemateko, autoestimua haunditzeko, eraso matxisten kasuak detektatzeko edota bestelako zerbitzu publikoetara bideratuak izateko».
Zerbitzua konfidentziala, doakoa eta pertsonalizatua da. Arreta aurrez aurrekoa izango da eta aditu baten laguntza eta aholkularitza izango dituzte, beti ere, ikuspuntu feministatik. Zerbitzua, 16:00etatik 19:00etara eskainiko da urtarriletik ekainera eta irailetik abendura bitartean. Hitzordu bakoitzak ordubeteko iraupena du gehienez, eta aurrez hitzordua eskatzeko emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzi edo 648 41 71 57 zenbakira deitu.