Gaurtik ostegunera josteko materialaren bilketa egingo dute Astigarragako Emakumeon Etxean. Makinarako olioa, algodoizko haria edo tela zatiak jasoko dituzte, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 15:00etara. Material hori saharar errefuxiatuen kanpamenduetan dagoen Fatimetu Abaad eskolara bidaliko dute: «Bertan aniztasun funtzionala duten hainbat emakume gaztek josten ikasten dute, norberaren autonomia garatzeko helburuarekin».