44 espediente ireki ditu Astigarragako Udalak terrazaren baldintzak edo zarataren ordenantza ez betetzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 13a, 00:00

Astigarragako terraza baten artxiboko irudia.

2024 hasieran sartu zen indarrean terrazen ordenantza berria, eta urtean zehar jarraipen kanpainak egin ditu Udalak. Horren ondorio dira irekitako espediente gehienak.

Herritarren eta ostalarien laguntzarekin diseinatutako terrazen ordenantzak urte bat darama indarrean Astigarragan. Iazko urtarriletik kanpaina ugari jarri ditu martxan Udalak, terrazak arautzen dituen ordenantza eta zaratari buruzko ordenantza betetzen diren ala ez jakiteko.

Urtebete igaro den honetan, balorazioa argitaratu du Astigarragako Udalak. «Zaratari dagokionez, orotara 8 espediente zabaldu ditugu, batzuk neurgailua itzalita edukitzeagatik, beste batzuk neurgailuko muga gainditzeagatik eta beste batzuk zarataren ordenantzako beste neurri batzuk ez betetzeagatik», azaldu dute. 8 espediente horietatik 5 amaituta daude, eta gainontzeko hirurak amaitzeke.

Lur publikoa okupatzeari buruzko ordenantza ez betetzeagatik, berriz, 36 espediente ireki behar izan ditu: «36 espedienteetatik 24 ostalaritza establezimenduari dagozkienak baino mahai edo aulki gehiago jartzeagatik izan dira, horietatik 9ri isuna jarri zaie».

Auzitegietan arrazoia eman diote Udalari

Irakurketan bertan kasu bat bereizi nahi izan du Astigarragako Udalak. «Establezimendu bateko jabeak Udalari leporatu dio behin eta berriz bere eskubideak urratzea eta erabakiak modu arbitrarioan hartzea».

Jakinarazi dutenez, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. aretoak ebatzi du «Udalak erabaki guztiak egoki eta ordenantzaren arabera hartu dituela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!