Gabonak joatearekin batera, iristear da Txotx Denboraldia. Hurrengo asteazkenean, urtarrilaren 15ean, izango da irekiera ekitaldia Alorrenea Sagardotegian, eta Sagardoaren Lurraldeak atzo iragarri zuen zein izango den aurtengo gonbidatu berezia: Gure Zirkua.
Zirkuko kideak arduratuko dira, hortaz, sagarrondoa landatzeaz eta 'Gure sagardo berria!' oihukatzeaz, urteko lehenengo txotxa ireki ondoren.
Egun osoko plana izango da datorren asteazkenekoa, eta bertan elkartuko dira sagardoaren munduko eragile guztiak. Horiekin batera, Astigarragako kultur eragileek hartuko dute parte, ohiko sagar dantzarekin, esaterako. Bertsoek ere izango dute tartea irekiera ekitaldian, Agin Laburu astigartarra eta Joanes Illarregi arituko baitira kantuan.