Astigarraga da etxebizitza jasangarri edo energetikoki efiziente gehien dituen Gipuzkoako herria

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 7a, 00:00

Etxebizitzen %31 da etxebizitza berdea Astigarragan. Gipuzkoa Estatu mailan hamargarrena da %12arekin. 

Astigarraga da Gipuzkoan etxe jasangarrien ehuneko haundiena duen udalerria, %31rekin parkearen totalaren gainean, Tasazio Sozietatea Taldearen txosten baten arabera. 3.242 pisutik 1.006 dira jasangarriak edo energetikoki efiziente Astigarragan. 

Gipuzkoa ez dago gaizki sailkapen horretan, %12rekin hamargarren postuan baitago, %21arekin Toledok gidatzen duen Estatuko sailkapen probintzialean. Hala ere, deigarriak dira oso Astigarragaren datuak, portzentai horien gainetik baitago nabarmen. Etxebizitza berri asko eraiki izanak, azken urteetan, da horren arrazoi nagusia.

Astigarragaren atzetik Anoeta kokatzen da Gipuzkoan %28,5arekin, baina hiru aldiz etxe gutxiagorekin. Orio dago hirugarren postuan, baina portzentaia asko jaisten da, %17raino. Hernani ez dago hamar lehenengoetan. Donostia da zortzigarrena %14,4rekin eta hamargarrena da Lezo %14,2rekin. 

ST Analytics-en arabera, Nafarroa da rankineko laugarrena %17arekin. Toledok (%21,3), Zaragozak (%19,9) eta Teruelek (%17,1) soilik gainditzen dute. Arabak %10,6ko portzentaia du etxe berde edo jasangarrietan eta Bizkaiak soilik, %7,6.

Jasangarria edo ez, etxebizitzaren arazoa ez dago horretan, «baizik eta etxebizitzaren garestitzean eta espekulazioan», diote Etxebizitza Sindikatutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!