Urteko azken Plenoa eta Tokiko Gobernu Batzarra izan zen Astigarragan eta bertan onartu ziren etxebizitzaren arloan hainbat gai garrantzitsu. Astigarraga Hiri Tentsionatua izendatzeko Eusko Jaurlaritzari eskaera egitea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Eskaera hau egin ahal izateko herriko etxebizitzei buruzko diagnostikoa eta etxebizitza plana egin eta onartu dira.
Astigarragako herrian etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia ere onartu ziren. Udalak dirulaguntza deialdi hau ateratzen duen lehen urtea da. Horretarako 30.000 euro aurreikusi ditu eta onuradunak 18 eta 35 urte bitarteko astigartarrak izango dira. Helburua da adin tarte horretan dauden astigartarrei alokairuaren ordainketa erraztea, beti ere beste erakunde batzuek eskaintzen dituzten laguntzak jasotzeko eskubiderik ez badute.
Laguntzak eskatzeko, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko alokairu-gastuak aurkeztu ahal izango dira. Herriko alokairuko etxeen hileko batez bestekoa 878 eurokoa da, eta kopuru hori aintzat hartuta, hileko 850 euroko edo gutxiagoko alokairuak diruz lagunduko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzailearen errentaren arabera zehaztuko da, gehienez 300 euro hilean.
Etxebizitza turistikoen jarduera mugatuko da eta jabeei idatzi bat bidaliko zaie
Astigarragan, Donostiarekin duen gertutasunagatik, gero eta interes haundiagoa dago bizitegi-etxebizitzak erabilera turistikora bideratzeko. Udala berrikusten ari den Plan Orokorrean arautu eta mugatuko da etxebizitza turistikoen jarduera. Plan Orokor berria indarrean egon arte, jarduera hori beren komunitatean ez baimentzea erabaki dezakete etxejabeek. Herritarrek honen berri izan dezaten eta xehetasun guztiak ezagutu ditzaten, etxejabeei idatzi bat bidaliko die Udalak.
Lehen sektoreko zazpi proiektu lagunduko dira
Lehen sektoreko zazpi proiektuetarako dirulaguntzak ere onartu ziren. Dirulaguntzen deialdia ateratzen den bigarren urtea da hau. Guztira 9 eskatzaile izan dira, baina horietako bik ez dute dokumentazioa aurkeztu eta baztertuak izan dira. Onartu egin dira gainerako 7 eskabideak. Kopuruari dagokienez, 6.000 eurotik 1.311,63 eurora bitartekoak izan dira onartutako laguntzak. Hainbat helburutako laguntzak eskatu dira, besteak beste, webgune baterako, idien pentsurako, negutegiak berritzeko, debrozadora erosteko, makinak erosteko (sagarraren ekoizpenerako, belarra mozteko)...
Iaz 4 eskabide onartu ziren; aurten, berriz, zazpi. Onarpen handia izaten ari den dirulaguntzen deialdia da, eta martxan dagoen bigarren urte honetan balorazioa baikorra da.
Dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa puntualari hasierako onarpena eman zaio
Bestetik, Dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan hainbat aldaketa egin dira, zehazki hiru artikuluetan. Alde batetik, aldaketak egin dira dirulaguntzak justifikatzeko epeei dagokienez; bestetik, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legearen baldintzak betetzea eskatzen zaie haurrekin eta nerabeekin harremana duten onuradunei; eta, azkenik, zuzenean NISAEren (euskal sektore publikoko administrazio eta erakunde guztientzako plataforma komuna) bidez egiazta daitezkeen datu mota batzuk gehitu dira.
Bi hitzarmen ere onartu dira
Tokiko Gobernu Batzarrak bi hitzarmen onartu zituen. Batetik, euskera egitasmoak elkarlanean emateko Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu berri du Astigarragak. Buruntzaldea eskualdeko udalen helburuetako bat da, besteak beste, udalerri horietan euskararen normalizaziorako zenbait egitasmo elkarren artean bideratzea.
Bestetik, Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko. Hitzarmen berria prestatzen ari dira, baina bien bitartean oraingo hitzarmenaren ondorio ekonomikoak 9 hilabetez luzatzea proposatu eta onartu zen. Udalak ahalegin berezia egin du, batetik, eskaera guztiei erantzuteko, eta, bestetik, langileen baldintzak hobetzeko, sektore hori oso feminizatua eta prekarioa baita. Zerbitzu honen kontratu berria Arreta Zerbitzuak enpresari esleitu zitzaion urrian. Lehiaketari begira, langileen lan-baldintzak hobetzeko eta lan-hitzarmen berria ziurtatzeko, Udalak % 17ko igoera egin zuen.