Galtza motzak eta takoak jantzi eta Zarkumendegira. Gabonetan pilatutako izerdi guztiak atzo goizean bota zituzten Astigarragako gazteek. Batzuei nabaritu zitzaien gogorrak joan direla aurreko egunak, baina orokorrean partidu onak jokatu zituzten Gazteen Futbol 7 txapelketako bigarren edizioan.
Astigartar ugari elkartu ziren futbol zelaian, eta 12 talderen artean jokatu zuten txapelketa. Partiduen artean mokadutxoak egiteko aukera ere izan zuten inprobisatutako barran; asko hortxe ibili ziren goiz osoan zehar.
Kirol saioaren ondoren, bazkaria
Gazte askok egin zuten kirol saioa bazkari batekin borobiltzeko hautua. Egun hauetakoekin aski ez, eta parranda egiteko aukera aprobetxatu zuten.
Antolatzaileak gustura geratu ziren herriko jendearen parte hartzearekin.