Ministroen Kontseiluak, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak proposatuta, Astigarragako geltoki berria eraikitzeko erakunde arteko hitzarmenak sinatzeko baimena eman zuen asteartean, baita geltokirako sarbideak egiteko ere. Hitzarmen horiek mugikortasuna erraztuko dute Astigarragan.
Zehazki, bi hitzarmen izenpetzeko baimena ematen da: Bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta ADIFen artekoa, Astigarragako geltokiaren eta haren sarbideen obrak egiteko ardura Eusko Jaurlaritzari emateko.
Beste hitzarmen bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Astigarragako Udalaren eta Adifen artekoa, geltoki berriko pasabidearen obrak finantzatzeko.
Proiektu horiek 15,04 milioi euroko inbertsio globala suposatzen dute; horietatik 12,42 milioi Ministerioak jarriko ditu, Adifen bitartez, eta 2,63 milioi Eusko Jaurlaritzak. Akordioan inbertsioaren banaketa hau ezartzen da:
11,20 milioi euro (BEZik gabe) bidaiarien eta nasetako eraikineko obretarako, ingurumen-integrazioaren zati proportzionala, hondakinen kudeaketa eta zerbitzuak berrezartzea, zuzendaritza fakultatiboa barne. Adifek bere aurrekontuen kargura hartuko ditu obra horien kostua, zuzendaritza fakultatiboarena, segurtasun- eta osasun-zerbitzuen kontratuena, eta behar duen beste edozein zerbitzurena.
3,84 milioi euro, pasabideko obretarako eta ibilgailuen sarbiderako, ingurumen-integraziorako, hondakinen kudeaketarako eta zerbitzuak berrezartzeko zati proportzionala, zuzendaritza fakultatiboko kontratuak barne.
Hitzarmenaren bidez, Adifek bere gain hartuko du 1,22 milioi euroko finantzaketa (BEZa barne hartu gabe), eta Astigarragako Udalak bere titulartasuneko lurzoruak jarriko ditu pasabidea eraikitzeko, eta bere gain hartuko du geltoki berriaren pasabide osoa kontserbatzea eta mantentzea, obrak amaitu ondoren.
Astigarragako geltoki berriko pasabidea (sarbideak) egiteko zenbatekoaren finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Astigarragako Udalaren eta Adifen arteko hitzarmenaren bidez egingo da, Astigarragako geltoki berriko pasabidearen obrak finantzatzeko.
Terminal altuak aldiriko trenei emango die zerbitzua eta AHTa azpitik igaroko da etorkizunean
Terminal altuak aldiriko trenei emango die zerbitzua, eta abiadura haundikoak, berriz, etorkizunean azpitik igaroko dira gelditu gabe. Astigarragako geltoki berria eraikitzeko proiektuak barne hartzen du nasetan eta trenbideetan bidaiarientzako eraikin bat eraikitzea. Instalazioek bi nasa izango dituzte alboetan, eta eskailera finkoen eta igogailuen bidez lotzen dira geltokiarekin.
Sarbideei dagokienez, oinezkoentzako pasabide bat ezarri da Astigarraga eta Donostiako udalerrietatik bidaiarien eraikinerako sarbide bakar gisa.
Pasabide hori eraikinaren maila berean dago, eta, gainera, bi udalerrien arteko lotura gisa balio du, trenbideak eta Urumea ibaiak fisikoki bereizita, astigartar bizilagunen mugikortasuna erraztuz.
Pasabide hori 306 metro luze eta 4,5 metro zabal izango da. Pasabidearen Donostia aldeko ibilgailuentzako sarbidean, Adifen ibilgailuak geraleku batean gelditzea aurreikusten da, geltokiko mantentze-zerbitzuetarako.
Gomendio-akordioa aldatzea
Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Adifen artean abiadura haundiko linea berria eraikitzeko 2006ko gomendio-akordioei buruzko hirugarren aldaketa ere onartu du Ministroen Kontseiluak.
Aldaketa horrek proposatzen du aurretik sartutako bi jardun baztertzea: Ezkioko geltokiko obretatik egiteke dauden jardunak, Adif AVk bere gain hartuko dituenak, eta Astigarragako geltokiko obra guztiak, aipatutako bi hitzarmen berrien zati izatera igaroko direnak.
Honek berekin dakar finantza-arloan dagozkion aldaketak egitea eta ezarrita zeuden urterokoak doitzea.
Gaur egun Astigarragak ez du tren geltokirik.