Astigarraga hazten doan garai honetan, auzo berriak sortu dira. 2.368 etxebizitza zeuzkan herriak 2013an, eta 3.362 hortik hamar urtera. Etxe berri gehienak Urumea ibaitik gertu egin dituzte, eta horren ondorioz sortu da Urumea Berri auzoa, Aiotzategin. Auzo berria izanik, auzo izaera hori sortu eta sendotzeko lanetan, duela urte eta erdi pasatxo sortu zuten Urumea Berri Gastronomia Kultur Elkartea, eta beste aurrerapauso bat izan da, aurtengo irailean, auzoko jaiak ospatzea. Orain urrats bat gehiago emango dute, elkartearen Gabonetako Mus Txapelketa antolatuta, lehenengo aldiz.
Bihar izango da txapelketa, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, jai giro lehiakor batean. Txapelketak formatu «arina eta zirraragarria» izango du, eta 32 bikotek parte hartuko dute gehienez ere. Izena emateko, prezioa 20 eurokoa da bikote bakoitzeko. Txapelak eta Gabonetako saskiak emango dizkiete irabazleei.
Parte hartu nahi dutenek, emailez eman dezakete izena, urumeaberri.gke@gmail.es helbide elektronikora idatzita; edo WhatsApp bidez, 635 700 049 zenbakira mezu bat bidaliz.
«Ez galdu Gabonetako arratsalde ezberdin batez gozatzeko aukera, estrategiaz, barrez eta sariz betea! Plazak mugatuak dira; beraz, anima zaitez eta ziurtatu txapelketa honetan parte hartuko duzula», luzatu dute gonbitea.
Beste pausu bat identitate propioaren bidean
«Auzo berria izanda, zenbait gabezi genituela ikusi genuen, batez ere bizilagunen isolamendu sozialarekin lotutakoa», azaldu dute elkartetik. Horren aurrean, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten auzotarrek.
Hasieran koadrila txikiak bakarrik ikusten ziren auzoan. Hori dela eta, gune bateragarri bat sortzeko beharra ikusi zuen bizilagun talde txiki batek. Hortik sortu zuten elkartea. Urtebete exkax pasata, aurretik sekula traturik izan gabeko bazkideak eta hauen gertukoak, beste elkarteko erabiltzaileekin kalean solasean ikus daitezke jada. «Alde horretatik oso pozik gaude, elkarteak egindako funtzioagatik». Orain identitate propioa emateko bide horretan antolatu dute mus txapelketa ere.