Hasi dira euskerazko produktuen katalogoak banatzen Udala eta Astiko

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 14a, 00:00

Eguberrietan euskerazko produktuak sustatzeko helburuarekin euskerazko produktuen katalagoa herritarren eskura jarri dute atzotik.

Urteko garai hau ingurukoei euskerazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, euskerazko produktuen katalogoa banatzen hasi da atzotik Udala, Astiko elkartearen laguntzarekin. Guztira, katalogoaren 1.500 ale erosi ditu Udalak eta herritarren eskura jarriko ditu.

Eskuragarri daude atzotik, Olentzero eta Mari Domingirentzako gutunekin batera; udaletxean, kiroldegian, kultur etxe zaharrean, Emakumeon etxean eta Erribera kulturgunean. Eraikin publiko horiez gain, Astiko elkartearen ondorengo 17 establezimenduetan ere bai: Pastain, Yoss ilepaindegia, Mon paperdenda, Gaurkotek, Astigarraga Hortz Klinika, Gnomos, Farmacia Aguado, Zubitxo, Ibailur, Triton, Mapple Tree, Beti Goxo, Kaizoku taberna, Ezpela, Bukoi, Astigarraga Consultores eta Mapfre.

Eguberrien atarian, euskerazko produktuak erostea sustatu nahi du Udalak eta horretan laguntzeko banatuko da katalogoa. Katalogoan euskeraz argitaratutako produktuak ageri dira eta aurten itxura berria estreinatu du.

Produktuak bi ataletan sailkatu dira; atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin eta bestea 12-16
urte bitarteko nerabeentzako produktuekin. Haur eta gaztetxoak euskaraz gozatzeko produktu egokienak eta horien inguruko oinarrizko informazioa jasotzen ditu liburuxkak.

Liburuxkaz gain, sarean ere eskuragarri dago bilduma. Katalogoa etengabe eguneratzen da eta aukera ematen du bilaketak egiteko eta produktu berrienen informazioa boletin bidez jasotzeko.

Web orritik buletin elektronikora harpidetuz gero, harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Trena interesgarria da haur eta gazteei euskerazko opariak egiteko.

Zozketa, abenduaren 20ko ekitaldian

Astiko elkarteak Gabonetako ekitaldia egingo du abenduaren 20an. Ekitaldi honetan, hainbat zozketa egingo dira; besteak beste, Olentzero eta Mari Domingiren gutuna utzi dutenen artean oparitxoak banatzeko zozketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!