'Orbanen egia' dokumentala estreinatuko da gaur Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 13a, 00:00

70eko eta 80ko hamarkadan erail zituzten lau astigartarri buruzko dokumentala da. Etzi bigarren emanaldia egongo da 19:00etan.

 

Gaur eta etzi Orbanen egia dokumentala estreinatuko da, 19:00etatik aurrera Erribera kulturgunean. Bigarren aukera ere izango da dokumentala ikusteko etzi, ordu eta leku berean. Beraz, bi emanaldi eskainiko dira doan. Ordubete eta hamar minutuko iraupena du dokumentalak eta euskeraz dago grabatuta, gaztelaniazko azpitituluekin. 

Gaurko estreinaldiaren ondoren solasaldia izango da. Dokumental honen ekoizpenarekin, Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin beste urrats bat eman du Astigarragako Udalak. 

Iraganean, justizia, erreparazioa eta egiarako eskubidea oinarri hartuta, iaz Astigarragako Udalak Orri zuriak betetzen dokumentala aurkeztu zuen, bertan Gerra Zibilaren biktimei egiten zitzaien aitortza. Hori osatzeko, trantsizio garaian 70eko eta 80ko hamarkadan hil zituzten astigartarrei buruzko dokumentala egin dute: Orbanen egia.

Unai Alberdi eta Eneritz Aulestia dira ikusentzunezkoaren egileak. Bertan, Joseba Barandiaran (1979ko uztailaren 11an eraila), Tomas Alba (1979ko irailaren 28an eraila), Bixente Perurena (1984ko otsailaren 8an eraila) eta Agustin Irazustabarrena Legra (1985eko irailaren 25ean eraila) astigartarren hilketak azalaratzen ditu; egiarako bidean, biktimen familiartekoei hitza emanez.

Eneritz Aulestia zuzendariak eskerrak eman zizkien parte hartu duten guztiei. «Inoiz baino gehiago, dokumentalaren indargunea da testigantza zuzenak ditugula: emazteak, alargunak, semeak, anaiak, lagunak... Askotan ez da erraza izaten, zauriak irekitzen ditugulako, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu. Testigantza horiek pisu potentea ematen diote dokumentalari. Oso eskuzabalak izan dira mina berriz ere orainaldira ekarri dugulako».

Eneritz Aulestiak azpimarratzen du dokumental hauetan askotan biktimak izen hutsak edo tituluak izaten direla, baina «kasu honetan testigantza zuzenek ahalbideratu dute biktimak ezagutu izana. Etxean nolakoak ziren jakin dugu eta beraiekiko enpatia sortzea lortu du dokumentalak. Hori da balio haundiena duena lan honetan. Hori lortu dugu testigantza zuzen horiei esker, pertsona bezala ezagutzea. Berezia eta gogorra izan da». 

Dagoeneko ikusgai dago dokumentalaren trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=5x3Ct9J24w8.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!