Ahober Abesbatza zikloaren itxiera, etzi

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 00:00

Erriberan eskainiko dute kontzertua, 19:00etan, Eragiyok eta Txirriskola Txistulari taldeak.

Ahober zikloak urteko azken hitzordua izango du etzi, larunbatean, Erriberan 19:00etatik aurrera Eragiyok antolatzailearen eta Txirriskla Txistulari Taldearen eskutik. Ahober 2023. urtean jarri zen abian Eragiyokek ahots berdinen errepertorioa lantzeko eta zabaltzeko egindako lanari jarraipena emanez, ohiko zikloek gutxiago lantzen duten esparrua.

Oraingo honetan, euskal musikaz osatuta egongo da abesbatzak eta txistulariak prestatu duten egitaraua. Besteak beste, Illunabarra, Maite edo Saratarra moduko klasikoak entzun ahal izango dira, hain ohikoak ez diren Erromerian edo Donostiako kaiean moduko biribilketekin batera.

Abenduan egonda, hainbat gabon-kantek osatuko dute saioa, Eguberriaren aurrerapen gisa. Abesbatza eta txistulariak Jon Larrauriren zuzendaritzapean arituko dira. Gasteiztarra, azaroan hasi zen Eragiyok zuzentzen eta etzikoa izango da bere lehen kontzertua Astigarragan.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak dagoeneko eskuratu daitezke Udalaren webgunean edo Erriberan bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!