Txalaka poligonoan eraikiko den hotelaren harira salaketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 00:00

Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez: «hotelaren jabea Travelodge britaniarra da eta langileontzako etxebizitzarako sarbidearen larritzea dakar».

Astigarragako Txalaka poligonoan eraikiko den hotelaren harira salaketa egin dugu Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik. Pasa den urriaren 1ean, Txalaka poligonoan hotel baten eraikuntza aurreikusten duen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu zuen Astigarragako Udalak.

«Hotelaren jabea Wyndham hotel katearen parte den Travelodge britainiarra izango da», dio sindikatuak. «Hotel kate hau munduko 15 haundienen artean dago, eta 2023 urtean ia 300 milioi dolarreko irabazi garbiak izan zituen».

Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatzen duenez, «turismoak sektoreko enpresarientzat irabaziak dakartzan moduan, langileontzako etxebizitzarako sarbidearen arazoa larritzea dakar».

Astigarragako biztanleen %15 dago Etxebiden izena emanda eskatzaile moduan; Gipuzkoako daturik altuena. Gainera, eskaera gehienak Astigarragatik kanpo bizi diren jendearenak dira. «Honek garbi erakusten du Donostian ematen ari den gentrifikazio prozesuak inguruko herrietan duen eragina».

Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik salatu nahi dute «etxebizitzarako sarbidea are gehiago zailtzen dutela gisa honetako proiektuek, gure eskualdearen turistifikazioa areagotzen baitute».

«Etxebizitza eskubidearen alde eta horrekin negozioa egitearen aurka», Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek abenduaren 14an Bilbon deitu duten manifestaziorako deia luzatzen dute.

«Etxebizitza eskubidea bermatu! Negozioari ez!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!