Jon Garaño zine zuzendari astigartarrak 2025eko Urrezko Danborra saria jasoko du San Sebastian egunean, Moriarti ekoiztetxeko kideekin batera. Ekoiztetxearekin, besteak beste, Loreak, Handia, La trinchera infinita eta Marco filmen egilea da Jon Garaño ergobitarra.
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak 98 lagunen artean izendatu du Urrezko Danborra. Bruce Springsteen, Johnny Depp eta Amancio Ortega zeuden hautagaien zerrendan. Bertan, kirol, kultura eta ikuskizun munduko izenak zeuden, hala nola Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Amaia Montero eta Leire Martínez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari ohiak edota Fermin Muguruza musikaria. Hala ere, zine ekoiztetxea hautatu dute sarirako.
Garañok onartu du «ezustekoa» izan dela, «eta poz haundia» sentitu du. «Nik beti esaten dut %100an astigartarra eta donostiarra sentitzen naizela; beraz, San Sebastian eguna asko bizi izan dut beti».
Erabakia Bozeramaileen Batzordean aho batez hartu dela jakiteak «poz bikoitza» suposatu du astigartarrarentzat. Astigartar gehienak bezala, Garañok Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxean egin zituen ikasketak eta gogoratzen du ikastola ez zela Haur Danborradan ateratzen. «Amarekin eta lagun batzuekin joaten nintzen ikustera, eta inbidia haundia ematen zidan. Gero, haunditan, ez naiz danborrada batean ere atera. Hori bai, Bezperan lagunekin afaldu eta jatetxean, Donostiako Martxa ematen dizkiguten txapa eta zotzekin jotzen dudan horietakoa naiz», azpimarratu du.
Haur Danborradan ez atera izanaren arantzatxoa, nolabait, «lehenengo nire semea eta gero nire alaba Ikasbide ikastolarekin» desfilatzen ikusi zituenean atera zuen. «Aurten ezin dut imajinatu ere egin nola biziko dudan festa hau, baina Urrezko Danborra oso berezia izango da. Orain zer esan eta nola esan pentsatu behar dugu».