'Orbanen egia' dokumentala aurkeztu dute

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 5a, 00:00

Asteartean aurkeztu zuten Joseba Barandiaranen monolitoan.

Gerra zikinaren baitan, 70eko eta 80ko hamarkadan erail zituzten lau astigartarri buruzko dokumentala da.

Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin beste urrats bat eman du Astigarragako Udalak. Iraganean, justizia, erreparazioa eta egiarako eskubidea oinarri hartuta, iaz Astigarragako Udalak Orri zuriak betetzen dokumentala aurkeztu zuen, bertan Gerra Zibilaren biktimei egiten zitzaien aitortza. Hori osatzeko, asteartean trantsizio garaian 70eko eta 80ko hamarkadan hil zituzten astigartarrei buruzko dokumentala aurkeztu zuten: Orbanen egia.

Aurkezpenean izan ziren Udal Gobernuko ordezkariak, baita dokumentalaren egileak: Unai Alberdi eta Eneritz Aulestia. Ikus-entzunezkoak ordubete eta 10 minutuko iraupena du eta euskaraz grabatuta dago, gaztelaniazko azpitituluekin.

Ikus-entzunezkoak Joseba Barandiaran (1979ko uztailaren 11an eraila), Tomas Alba (1979ko irailaren 28an eraila), Bixente Perurena (1984ko otsailaren 8an eraila) eta Agustin Irazustabarrena Legra (1985eko irailaren 25ean eraila) astigartarren hilketak azalaratzen ditu; egiarako bidean, biktimen familiartekoei hitza emanez.

Xabier Urdangarin alkateak esan zuenez «Orri zuriak eta gero, bigarren honek zikloa ixten du eta hutsunea betetzen du. Eneritz Aulestia zuzendariak eskerrak eman zizkien parte hartu duten guztiei. «Inoiz baino gehiago, dokumentalaren indargunea da testigantza zuzenak ditugula. Askotan ez da erraza izaten, zauriak irekitzen ditugulako, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu».

 

Abenduaren 13an eta 15ean izango dira emanaldiak

Ordubete eta 10 minutuko iraupena du dokumentalak eta euskeraz grabatuta dago, gaztelaniazko azpitituluekin. Dokumentalaren bi emanaldi eskainiko dira eta biak Erriberako antzokian izango dira. Lehen emanaldia abenduaren 13an izango da, 19:00etan eta bigarren emanaldia, abenduaren 15ean izango da, 19:00etan.

Dagoeneko ikusgai dago dokumentalaren trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=5x3Ct9J24w8.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!