Zarkumendegi poligonoa urbanizatzeko proiektua eta zerga fiskalen hasierako onarpena onartu dira

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 4a, 00:00

Zerga fiskalei dagokionez, alegazioak egiteko epean daude oposizioko alderdiak.

 

Astigarragako azken Plenoan aurrekontuak eta euskeraren eguneko adierazpena onartu ziren, azken hau aho batez, baina izan ziren gai garrantzitsu gehiago onartu zirenak. 2025eko zerga fiskalei urriaren 1eko Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman zitzaien, eta, ondoren, alegazioak egiteko epea zabaldu zen. Horiek aztertuta, hainbat aldaketa onartu dira.

Batetik, hainbat egokitzapen egin dira idazketari eta testuari dagokienez. Bestetik, hobariei dagokienez badira zenbait berrikuntza. Horietako bat da lehen sektorean modu profesionalean lan egiten duten landa-lurretan dauden baserriei % 50eko hobaria aplikatzea etxeko ur-horniduran. Beste berritasun bat da kontzeptu berri bat sartu dela udal-zerga eta tasetan hobariak emateko orduan. 

Alokairuak eta etxeko oinarrizko gastuek familien (bizikidetza-unitatea) batez besteko diru-sarreren edo batez besteko errentaren ehuneko hogeita hamar gainditzen badute, bizikidetza-unitate horiei % 25eko hobaria aplikatuko zaie tasa eta tarifa horietan. Eta horrekin batera, hobarien taulan agertzen diren errenten baremoak berrikusi dira.

Azkenik, hondakinei dagokienez, berrikuntza bat dago lokal hutsen kasuan. Jarduerarik gabeko lokalen kasuan, bi tarifa mota bereiziko dira: batetik, ur-hargunea dutenak eta, bestetik, ur-hargunerik ez dutenak. Gutxieneko tarifa aplikatuko zaie ur-hartunerik ez dutenei, gutxieneko ekarpena izango da sistema edukitzeagatik. Era berean, gogoratu behar da hondakinen tasak berregituratu egin direla eta etxeetan, komertzioetan eta poligonoetan igoera nabarmenak aplikatuko direla; izan ere, hondakinei buruzko legearen araudi berriak horien gastu guztiak tasen bidez biltzea eskatzen du.

Udalbatzak behin betiko onartu zituen zerga fiskalak eta urtarrilaren 1etik aurrera egongo dira indarrean. 

 

Zarkumendegi poligonoa urbanizatzeko proiektua

Zarkumendegiko urbanizazioa amaitzear dago. Azken moldaketekin, hasierako onespena eman zaio eta txostenak eskatu zaizkie hainbat erakunderi (URA, Foru Aldundia eta AGASA-Añarbeko Urak) eremu horretarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!