Astearteko Plenoak eman zion hasierako onarpena 2025eko aurrekontuari. EH Bilduren aldeko botoekin, PSE-EE eta EAJren aurkako botoekin, aurrekontua auzoetan egindako bileren ostean eta kontuhartzailetza zein udaleko sail desberdinen beharrak entzun ondoren osatu da.
2025ko udal aurrekontuak 13.172.435 euro izango ditu, iaz baino 813.483 euro gehiago, hau da, %7 gehiago. Igoera hori diru-sarreren gorakadagatik gertatu da, batetik, Foru Funtsaren, Aldundiak herrien artean banatzen duen ekarpena, igoeragatik, (204.308 euro gehiago); bestetik, udal zergen eta tasen igoeragatik eta hauen erroldaren eguneraketarengatik (516.625 euro gehiago).
Xabier Urdangarin alkateak xehetu zituen aurrekontuaren sarrerak eta gastuak. Bere esanetan azpimarragarria da zerbitzu sozialen atalak (gizarte zerbitzuak; berdintasuna; kultura, jaiak, gazteak; kirola; euskara eta hezkuntza) aurrekontu osoaren %46a hartzen duela. «Askotan esaten da hormigoia izaten dela aurrekontuan diru gehiena eramaten duena, baina gure kasuan zerbitzu sozialak dira».
Gastuetan, pertsonalaren kapituluak %5 egingo du gora hainbat arrazoiengatik. Batetik, langileen soldata %3 igotzea aurreikusi da eta bestetik, hainbat lanpostu berri edo hainbat lanposturen jardunaldia luzatuko da.
Inbertsioen atalean, %15eko igoera izango du eta bereziki bi proiektuek baldintzatuko dute inbertsioen atala, kiroldegiak eta euskaltegiaren lokalak.
Esan bezala, inbertsio esanguratsuena kiroldegia izango da, 750.000 eurorekin. Obrak 2025eko udaran hasiko dira eta proiektu honekin dauden instalazioen eta zerbitzuen kalitatea hobetu eta berriak sortzearekin batera, sarrera irisgarria egingo da eta dugun herritar kopuruari egokitutako kiroldegia eraikiko da.
2025ean egingo den hurrengo inbertsio esanguratsuena euskaltegiaren lokalarena izango da. Egun Herri Eskolak erabiltzen duen Nabarra Oinatz-eko lokalean egokitzapen lanak egingo dira, Astigarragako euskaltegiaren egoitza berria izan dadin. Beste urrats garrantzitsu bat Udalak euskeraren erabilera sustatzeko eta indartzeko egin duen apustuan. Dagoeneko lokala egokitzeko proiektua idazten ari da Udala eta honi esker, Kultur Etxe zaharra hustutzen hasi eta gazteen espaziora egokitzen hasteko aukera
izango da.
Hurrengo inbertsio altuena Europar Funtsen laguntzarekin batera uraren zikloa digitalizatzeko egingo dena da, 122.000 eurokoa. Eta horrekin lotuta dago 35.000 euroko inbertsioa ur kontagailuak aldatzen jarraitzeko.
Bidegorri-sarea zabalduko da. Bidegorria Kale Nagusian eraikiko da, Anuskarako norabidean, DBHko ikastetxea eraikitzen denerako nerabeak bizikletekin bertara iritsi ahal izateko, 2024an aurreikusitako 200.000 euroei, 2025ean 40.000 euro gehitu dira.
Gizarte zerbitzuek aurrekontuaren %9,77
Gizarte Zerbitzuen Sailaren aurrekontua 1.287.084 eurokoa da, iazkoa baino %6 haundiagoa, inoiz izan duen kopururik handiena. Gizarte zerbitzuek aurrekontu osoaren %9,77 izango dute; eta «%10ean zehaztu ohi izan da bikaintasunaren adierazle da, eta, beraz, beste behin hortik oso gertu kokatu izana udalak gizarte babesarekin duen konpromisoaren adierazle garbia da».
Bide honetan «gizarte-zerbitzuetan ditugun zerbitzuak indartu eta berriak sortuko dira. Aipatu beharra dago Udalak egin duen ahalegin haundia hainbat zerbitzu kontraturen baldintzak hobetzeko, eta horietako bat da etxez etxeko laguntza zerbitzua». Bestalde, mendekotasun arriskuan dauden eta mendekotasun txikia duten adinekoei zuzendutako eguneko arreta zerbitzu berria martxan jartzeko 10.000 euro erabiliko dira. Adingabeen dirulaguntzak eta esku-hartze psikozosiala ere indartuko dira eta larrialdi laguntzetarako 5.000 euro gehiago erabiliko dira, guztira 110.000 euro.
Berdintasunaren arloan bereziki aipagarria da Emakumeon Etxearen dirulaguntzan egindako igoera, 51.000 eurotik 70.000 eurora pasatzea. Emakumeon Etxeak herrian berdintasun arloan egiten duen lana indartzeko helburuarekin. Bestalde, Toki Garapena sailean, Dolareak proiektu berria garatzeko 15.000 euro erabiliko dira, honi esker herritarrek doan emandako sagardogintzako tresnak berreskuratzeko lanak abiaraziko dira.
Hirigintza, etxebizitza eta ingurugiroa sailean aipatu behar da gazteentzako alokairu laguntzak sortuko direla eta Astigarraga hirigune tentsionatu izendatzeko prozesuak jarraituko duela, eskaera abenduan egingo da. Obrak eta zerbitzuetan, eta irisgarritasunaren arloan aipagarria da laster amaituta egongo dela Apeztegiko igogailua, eta irisgarritasuna hobetzeko beste hainbat ekintza egingo direla, besteak beste, udaletxean ate automatikoa jartzea eta Emakumeon Etxeko sarrera eta komunak egokitzea. Bestalde, sail honetan ere, Latxaga-Olabide bideko lanak amaituko dira.
Kultura, Jaiak, Gazteria eta Kirola Sailari dagokionez, %36ko igoera izango du. Gehienbat igoera kirolaren arloan Kiroldegiaren obrak eragingo du. Kulturaren arloan, aurten ere kultur programazioa indartuko da eta baita irakurketa sustatzeko ekintzak.
Dirulaguntzetan, orain arteko dirulaguntzei eutsiko zaie (baserritarren aldeko laguntzak, alokairurako laguntzak, eskola garraiorako laguntza, Kontxa Etxeberria beka, familientzako gizarte-laguntzak) eta beste hainbat indartuko dira. Guztira, dirulaguntza izendun eta lehia bidezkoak kontuan hartuz, %11 igoko da, orotara 1.096.900 euro.