Euskeraren egunean Irradaka dantzan jarri nahi dituzte herritar guztiak

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 23a, 00:00

Astigar Dantza taldeak abenduaren 3rako, 18:30etan, herritarrak animatu nahi dituzte parte-hartzera Kontxa Etxeberria plazan.

Euskeraren egunerako zenbait ekintza antolatuko dira Astigarragan, eta horien artean, Astigar Dantza taldetik lehen aldiz herritar guztiak Irradaka dantzan gonbidatuko dituzte. Hori, abenduaren 3an izango da, arratsaldeko 18:30etan, Kontxa Etxeberria plazan. Pertsona eta adin guztiei zuzendua izango da ekintza. 

Egun hori prestatzeko eta jendea berotzen joateko, AEKko Zilegi eskolak eskainiko dira dantza eta bertsoak ikasteko. Azaroaren 27an, 09:30etan eta 18:00etan, Kultur etxe zaharrean zabalduko du aukera hori AEKk. 

Emakumeak, borobilean, elkarri eskutik heldu, kantuan eta dantzan. Hori da Irradaka. Hernanin esaterako oso ezaguna da, Kantaitak 25 urte beteko baititu Irradaka dantza San Joan Bezperan.

Batasun eta dantza irudi eder hori ikusi da martxoaren 8ko zenbait ospakizunetan azken urteotan. 2018an Iruñean ikusi zen lehen aldiz; 2019an Eibarren ere dantzatu zen irradaka.

Hortik zabaldu zen eta egin da ohiko irradaka, Euskal Herri osoan. Astigarragan bertan ere urteak daramatzate dantza hau plazaratzen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!