Astiko merkatarien elkarteak Konektatu komertzio txikiarekin kanpaina aurkeztu zuen atzo Foru Plazan. Kanpaina azaroaren 11n hasi zen lehen fase batekin, eta dagoeneko eman zaio hasiera bigarren faseari. Lehenengo fasean, herriko txoko ezberdinetan Wifiaren irudiak eta gakoak jarri ziren, herritarren artean jakinmina sortzeko. Eta bigarren fase honetan mezu argi bat adierazi nahi da: Konektatu komertzio txikiarekin.
Bigarren fasea aktibatzearekin batera, jolas bat proposatu nahi diete Astiko elkartekoek herritarrei. Kanpaina honetarako propio diseinatutako Astigarragako merkatarien, ostalarien eta zerbitzuetako profesionalen kromo-bildumari dagozkion kartak gaurtik aurrera banatuko dira establezimenduetan.
Kromoen kopuru zehatz bat lortzean, oparitxo batzuk banatuko zaizkie herritarrei: 5 kromo ezberdinekin: kartera bat. 12 kromo ezberdinekin: botila bat. 15 kromo ezberdinekin: motxila bat. Eta 15 kromo eta urrezkoa edo 20 kromo ezberdinekin: aterki bat.
Opariak agortu arte banatuko dira. Bilduma osoa osatzea, 44 kromo dira.
Kanpainaren diseinu osoa elkarteko bazkideek egina da: kromoak Astigarraga Tattoo-ko Eva Vicedok egin ditu, eta gainontzeko diseinuak, aldiz, Biokcom enpresak.
Udalak gazteen kontsumo ohitura eta beharren azterketa abiatu du
Udalak ere jarraitzen du tokiko merkartaritza hobetzeko eta bultzatzeko lanean, eta ildo horretan 19 eta 44 urte bitarteko gazteen kontsumo ohitura eta beharren azterketa abiatu du Siadeco enpresaren eskutik.
Horretarako, telefono bidezko hainbat galdetegi egiten ari da. Horretaz gainera, Astigarragako merkataritza establezimenduen azterketa egingo da. Horretarako, herri eremuan kokatutako txikizkako merkataritza eta zerbitzu establezimenduak bisitatuko dira eta elkarrizketa bat egingo zaie. Asmoa da aztertzea Astigarragako establezimenduek zein neurritan betetzen duten herritar segmentu horiek eskatutakoa.
Ikerketatik aterako diren emaitzak baliatu nahi dira, batetik, herriko txikizkako merkataritza herriko gazteentzat erakargarriagoa egiteko eta herriko merkataritzak osatu beharko lukeen eskaintza definitzen laguntzeko, eta, bestetik, Astigartar gazteei helarazteko beraien erosketa erabakiek zenbateraino eragiten duten herriaren egitura eta bizigarritasunean.
Ikerketa hori ahalik eta egokien garatzeko herriko gazte eta establezimenduen lankidetza eskatzen dute Udaletik.