Azaroaren 25a emakumeon aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna denez, hainbat ekintza antolatu dira Astigarragan. Ekintza hauek Udalak eta herriko hainbat eragilek osatutako berdintasun mahai txikian adostu dira: Emakumeon Etxea, Astigarragako Gazte Asanblada, Xaguxar eta Gaztelekua.
Astigarragako indarkeria matxistari buruzko datuak aztertuta, aurten adingabeengan jarri nahi dute arreta. 2023ko datuen arabera, Astigarragan indarkeria matxista jasan zuten emakumeen %75ek adingabeak ditu ardurapean. Gauzak horrela, antolatzaileek diotenez, «asko kezkatzen gaitu indarkeria matxistak haur, nerabe eta gazte horien ongizatean duen eraginak. Eta, gainera, tartean adingabeak daudenean, indarkeria matxista normalizatzeko arriskua haunditzen da». Hori horrela, datozen egunetarako antolatutako jarduerak oso lotuta egongo dira genero indarkeriarekin eta adingabeekin.
Etzi, azaroaren 22an, 18:30etan, Emakumeon Etxean kafe tertulia bat egingo da indarkeria bikarioari buruz, hau da, seme-alabak emakumeari min egiteko erabiltzen dituen indarkeria motari buruz.
Igandean Gaztelekuan saioa izango da eta azaroaren 25ean: elkarretaratzea, tailerra
eta manifestazioa
Bestalde, indarkeria matxista desagerrarazteko, ezinbestekoa da erasoak identifikatzea; izan ere, egunerokoan bizi dituzten jokabide edo egoera asko oso errotuta eta onartuta dauzkagun arren, erasoak dira eta eraso gisa identifikatzea garrantzitsua da.
Horregatik, azaroaren 24an, nerabeentzako indarkeria matxista identifikatzeko saio bat egingo da Gaztelekuan, 17:30etatik aurrera.
Emakumeon aurkako indarkeria matxista gaitzesteko borrokarekin bat egiteko, azaroaren 25ean, 12:15etan, elkarretaratzea egingo da udaletxearen aurrean. Arratsaldean, 16:45etan, haur eta nerabeentzako txapa tailerra, Erribera kanpoan. Ondoren, 18:30etan, manifestazioa abiatuko da Erriberatik Emakumeon plazara. Manifestazioaren leloa ez bazara konponbidea, arazoa zara izango da.
Jarduerekin amaitzeko, azaroaren 26an, 18:30etan, Sortzen aholkularitzako Sheila Melcon Lopezek hitzaldia emango du Emakumeen Etxean genero indarkeriak seme-alabengan duen eraginari buruz.