'Elikagaien xahuketa gustu txarrekoa da' lelopean, hondakinen prebentziorako astea

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 19a, 00:00

Azaroaren 24ra bitartean ospatuko da Astigarragan eta horren harira hainbat jarduera antolatu dira.

 

Aurten ere, Hondakinen Prebentziorako Europako Asteak (European Week for Waste Reduction) ingurumenaren aldeko apustua egiteko deia egiten die Europako erakunde guztiei, eta Astigarragako Udalak bat egin du ekimenarekin.

Hondakinen Prebentziorako Asteak duen helburua baliabide iraunkorrei eta hondakinen kudeaketari buruzko ekintzak sustatzea eta astebetez ezartzea da: prebentzioaren, birziklapenaren eta berrerabileraren gainekoak, besteak beste.

Astigarragan aste horretarako antolatu diren ekintzen artean, batzuk Herri Eskolaren bitartez egingo dira, eta besteak, herritar guztiei zuzenduak izango dira. Aurten, «Elikagaien xahuketa gustu txarrekoa da» lelopean abiatu da ekimena, eta lelo horrekin zerikusia izango dute antolatutako jardueretako batzuek.

Udalak jarduera hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Eta horrekin batera, ahalik eta hondakin gutxien sortzeak eta sortzen direnak birziklatu eta berrerabiltzeak duen garrantziaz ere sentsibilizatu nahi ditu.

 

EGITARAUA

 

Bihar, azaroaren 20a Herri Eskolako LH6ko ikasleekin elikagaien xahuketaren eta
material organikoaren inguruko tailerrak egingo dira. Ingurumen teknikaria eta hondakinetan
aditua den Adur Gomezen eskutik.

Bihar, azaroaren 20an, 18:00etan, Kultur Etxe Zaharrean: «Nola murriztu dezakegu gure etxeko elikagaien xahuketa» hitzaldi informatiboa. Ingurumen teknikaria eta hondakinetan aditua den Adur Gomezen eskutik.

Azaroaren 22an, 17:30ean, Erribera kulturgunean: «Trash» haurrentzako filmaren emanaldia, euskaraz. Ikusi filmari buruzko informazioa.

Azaroaren 22an, liburutegian:  Gomendioen txokoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!