Haur eta Nerabeen Eskubideen Munduko Eguna ospatuko dute gaur Astigarragan. Egun osoko egitaraua prestatu du Udalak, Gaztelekuarekin eta Xaguxarrekin elkarlanean. Goizean jolasak izango dira herriko txokoetan, eta arratsaldean makillaje tailerraz gain, DJ KI-ren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.
Ospakizunarekin batera, haurren eta nerabeen ongizatea aldarrikatu nahi izan ditu Astigarragako Udalak: «Haurrak eta nerabeak errespetatzen dituen eta haien eskubideak betetzen dituen gizartea bizigarriagoa da guztiontzat».
Azken urteetan bide horretan pausoak eman ditu Astigarragako Udalak, eta jakinarazi dute azken lanketen emaitzak datozen hilabeteetan ezagutaraziko dituztela.
Gaurko eguna ospatzeaz gain, egunari buruzko kontzientziazio saioak egiten ari dira Astigarragako Haur Eskolan, HHko eta LHko haurrekin.
HAURREN ETA NERABEEN ESKUBIDEEN EGUNA
ASTIGARRAGA
GAUR
10:30 Puzgarriak: 1-4 urte bitarte: Foru plazan eta 8 urtetik gora: Txomiñenen.
10:30 Bike moduko ibilgailuen pista, Foru plazan (+8).
10:30 Buztin eta talo tailerrak Norberto Almandoz plazan (4-8 urte bitarte).
10:30 Choper zirkuitua Norberto Almandoz plazan.
16:30 Makillaje tailerra Foru plazan.
18:00 DJ KI-ren emanaldia Foru plazan.