Astigarragako Eragiyok abesbatzak, 'Kantua eta Elkartasuna' zikloaren barruan, Zaporeaken aldeko kontzertua eskainiko du bihar, Donostiako Easo kaleko Karmeldarren elizan. Arratsaldeko 20:15etan hasiko da emanaldia, eta ondoren, zuzendari berria ere aurkeztuko dute.
Zikloaren barruan eskainitako beste kontzertuen antzera, honetan ere, Zaporeak elkartearen alde egingo dute. Elkarte honen lana, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzea da, eta abesbatzatik, bultzada bat emateko, askotariko lanak bilduko dituen egitaraua prestatu dute.
Emanaldia hasteko, eliz musikako hainbat pieza labur eskainiko ditu abesbatzak, eta ondoren, nazioarteko folklorea eta opera pasarteak ekarriko ditu entzuleen belarrietara: 'Txirula magikoa', 'Rigoletto' edo 'Faust' opera ezagunen zatiak, besteak beste. Bigarren zatian, eskainiko dituzte Eragiyok abesbatzaren errepertorioaren oinarria osatzen duten euskal musikako lanak; hala nola, 'Kitolis', 'Euskalerria' edota 'Maite, eguzki eder'.
Abesbatzako kideek azaldu dute, euskal musikako piezen artean toki berezia izango dutela Valentin Larrearen abestiek. Eragiyokek urte hasieran ekin zion musikari gabiriarrak XX. mendearen hasieran abesbatzarentzat idatzi zituen obrak berreskuratzeko proiektuari.
Oraingoan, beste bi kantu berri ere eskainiko dituzte lehenengo aldiz: 'Boga, boga, mariñela' eta 'Nere etorrera'.
Zuzendari berriaren aurkezpena
Emanaldiaren beste puntu garrantzitsu bat, zuzendari berriaren aurkezpena izango da. Izan ere, abesbatzako kideek adierazi dute Eragiyokek bere zuzendari berria aurkeztuko duela kontzertuan bertan: Jon Larrauri Delikak, 22 urteko gasteiztarrak, hartuko du abesbatzaren batuta. Ikasketak amaitzen ari da Larrauri, musika-pedagogia gradua Musikenen; eta era berean, Zuzendaritza ikasketak hasi ditu Musikenen bertan. Gasteiztarrarekin batera, Miren Gabirondo Olazabal pianojolea ere izango du lagun abesbatzak.