Memoria Historikoaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta ohi bezala, herriko biktimei aitortza egingo diete Astigarragan. Hori horrela, gogora ekarriko dituzte Gerra Zibilean, Frankismoan eta 70eko eta 80ko hamarkadetan erail zituzten lau astigartarrak: Joseba Barandiaran, Tomas Alba, Bixente Perurena eta Agustin Irazustabarrena. Eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia, Emakumeon Plazan. Astigarragako Udalak azaldu du, lau biktimen omenezko ikusentzunezko bat ere lantzen ari dela, aurten estreinatuko duena; eta trailerra jarriko dute ekitaldian.
Horren ondoren, lore eskaintzak egingo dituzte herrian dauden monolitoetan, eta mokadutxo batekin bukatuko dute omenaldia, Perurena auzoko elkartearen lokalean.
Elkarbizik Andoainen jarri du hitzordua
Bestalde, Elkarbizi taldeak ere egin du eskualde mailako deialdia, urtero bezala. Andoainen ospatuko dute indarkeriaren biktimak gogoratzeko eguna, gaur goizeko 11:00etan: Lopez de la Calle parkean, 'Askatasunari' eskulturaren aurrean.