Azaroaren 10ean, memoria historikoaren nazioarteko egunean, herriko biktimei aitortza egiteko ekitaldia izango da, eguerdiko 12:00etan, Emakumeon Plazan. Bertan, gerra zibilean eta frankismoaren diktadurapean izandako biktimak eta 70.-80. hamarkadetan erailak izan ziren astigartarrak gogora ekarriko dituzte.
Astigartar askok sufritu zituzten Espainiako gerra zibilaren eta frankismoaren diktadurapeko ondorio latzak. 70. eta 80. hamarkadetan erailak izan ziren lau astigartar gogora ekarriko dituzte: Joseba Barandiaran (polizia armatuak 1978an eraila), Tomas Alba (1979an GAEk eraila), Bixente Perurena (GALek 1984an eraila), Agustin Irazustabarrena (1985ean GALek eraila).
Astigarragako Udalak lau astigartarren omenez ikus-entzunezko bat lantzen dihardu, urtea amaiatu aurretik estreinatuko duena eta biktimen erreparazioa eta errekonozimenduan beste urrats bat izango dena. Ekitaldian ikus-entzunezkoaren trailerra erakutsiko da.
Ekitaldiaren ondoren, oroigarri-eskaintza egingo da herrian dauden monolitotan eta amaieran, mokadutxoa eskainiko da Perurena auzoko elkartearen lokalean.
Iaz jarritako kereilen egoera atzera bota du Donostiako epaitegiak
Astigarragako Udalak gerra zibileko eta frankismoaren diktadurapean «egindako genozidio edo gizateriaren aurkako delituengatik kereilak» jarri zituen bi epaitegitan: irailaren 15ean aurkeztu zuen kereila Donostiako epaitegian eta azaroaren 9an Argentinakoan.
Kereila horietan honako biktimen aurkako krimenak salatu nahi izan ziren: Segundo Mendiguren (1936an desagertua), Leandro Lujambio (1936an desagertua), Sabino Barandiaran (1936ko bataila batean eskuineko hankan konpondu ezineko lesioa pairatu eta begia galdu zuen), Rafael Boulandier (1939an Donostian fusilatua), Joseba Barandiaran (polizia armatuak 1978an eraila) eta Tomas Alba (1979an GAEk eraila).
Donostiako epaitegiak iaz aurkeztu zuten kereila atzera bota du eta «apelazio errekurtsoa jarri dugu Lurralde auzitegian». Une honetan Lurralde auzitegiaren ebazpenaren eta Argentinako epaitegiaren erantzunaren zain dago Udala.
'Orri zuriak betetzen' dokumentala hainbat plataformatan ikusgai
Orri zuriak betetzen dokumentalak gerra zibileko eta frankismo garaiko Astigarragako hainbat biktimen testigantzak jasotzen ditu. Garai horretako Astigarragako biktimak omendu, gogora ekarri eta errekonozitu nahi ditu Udalak, gertatu zenaren egia azaleratuz eta kontatuz. Eneritz Aulestiak eta Unai Alberdiren zuzendaritzapean, 2023ko apirilaren 21ean estreinatu zen dokumentala euskeraz da, gaztelaniazko azpitituluekin eta ia ordu t’erdiko iraupena du.
Ahalik eta zabalkunde gehien izan dezan, edozeinek etxetik eta doan ikusteko moduan jarri berri dugu honako hiru plataformatan: EITBko Primeran-en, Argia-ko multimedia atalean eta Udalaren YouTube kanalean.