Autobus zerbitzuaren arazoen gaia Astigarragako Plenoan landu ondoren, Hernaniko Udalarekin kritiko azaldu da Astigarragako PSE-EE. Zehazki, bere «ekintza falta eta utzikeria» salatu du, Astigarraga eta Hernani Donostiarekin lotzen dituen autobus zerbitzua hobetzeko garaian: «Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Sailak, Azahara Domínguez sozialista buru duela, urriaren 18an helarazi zion proposamena Hernaniko Udalari, autobus zerbitzu hori hobetzeko. Proposamenak eskatzen du BU12 eta BU13 lineen ibilbidea pixka bat aldatzea Hernanin, autobus artikulatuak erabili ahal izateko, erabiltzaile gehiago hartzea ahalbidetuko dutenak».
Astigarragako alderdi sozialistaren arabera, Mugikortasun Sailak beharrezko egokitzapenen «mapak eta xehetasun teknikoak» helarazi zizkion Hernaniko Udalari, irtenbidea ahalik eta azkarren zehazteko; eta telefonoz jakinarazi zion Hernaniko alkateari, proposamena beraien oniritziaren zain dagoela orain.
Patxi Suárezek, Astigarragako PSE-EEren bozeramaileak, gogorarazi du «Hernaniko Udalaren kolaborazioaren menpe» daudela aldaketa horiek: «Izan ere, linea horiek egiten duten ibilbidea munizipala da. Horregatik, Hernaniko Udalari eskatzen diogu lehenbailehen erantzun diezaiola Aldundiaren proposamenari, irtenbide hau gauzatu ahal izateko». Gainera, Suárezek EH Bilduri eskatu dio «utzi dezala alde batera konfrontazioaren diskurtsoa. Instituzioen arteko kolaborazioa beharrezkoa da soluzioa erreal eta eraginkorrak emateko herritarren beharrei, bereziki garraio publikoarena bezalako arlo garrantzitsu batean».
Zentzu horretan, deitoratu du «pertsona batzuek nahiago izatea funtsik gabeko salaketak egitea, alderdi sozialistaren eta zehazki Mugikortasun Sailaren esfortzua eta ahalegina aitortzea baino, Astigarragkao autobus zerbitzua hobetzeko». Suárezen arabera, «modu konstante, proaktibo eta koordinatuan» ari dira lanean, «bizilagun guztien mesederako. Horregatik, deitoratzen dugu EH Bildu saiatzea giroa polarizatzen eta lokazten, herritarrak nahastu nahian».
Bere aldetik, Ricardo Crespok, Hernaniko PSE-EEren bozeramaileak, «instituzioen arteko kolaborazioa» beharra nabarmendu du, eta bere Udalari eskatu dio «beharrezko neurriak hartu ditzala, autobus artikulatuak txertatu ahal izateko Lurraldebusek herrian eskaintzen duen zerbitzuan».