Joxe Mari Zubiarrain hil da, Astigarragako pelotaren erreferentea

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 3a, 00:00

90eko hamarkadatik aritu zen herriko pelotarien harrobiarekin lanean, eta duela lau urte arte izan zen Mundarroko pelota saileko arduradun.

Ostiral gauean hil zen, 70 urterekin, Joxe Mari Zubiarrain Iturralde astigartarra, herriko pelotaren erreferente nagusi izan dena azkeneko hamarkadetan. Bihar egingo dute haren omenezko hileta elizkizuna, Astigarragako Andre Maria parroki elizan, arratsaldeko 18:00etan. Gorputz beila Errekaldeko Memora Vascongada tanatorioan izango da, gaur arratsaldeko 16:00ak arte.

90eko hamarkadaren bukaeran hasi zen Zubiarrain herriko pelotarien harrobiarekin lanean, eta duela lau urte arte izan zen Mundarroko pelota saileko arduradun. Bere gidaritzapean lortu ditu Astigarragak historiako emaitzarik onenak, besteak beste, eskuzko zein palako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan.

Pelota mundutik kanpo ere, herriko hainbat talde eta elkartetan ibilitakoa da Joxe Mari Zubiarrain, eta bere lana eta jarduna goraipatu dute harekin aritutakoek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!