Autobus zerbitzuari buruzko adierazpena onartu du EH Bilduk, oposizioaren babesik gabe

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 30a, 14:20

BU13 linearen maiztasuna haunditu eta zerbitzua indartzea eskatu du, Plenoan onartutako adierazpen instituzionalaren bitartez; eta baita ospitaleetara eta unibertsitateetara autobus zerbitzu zuzena bermatzea ere.

Autobus zerbitzua izan zen eztabaidagai nagusia atzo, Astigarragako Udalaren Plenoan. Adierazpen instituzional bat onartzeko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk, honako eskaerak jasotzen zituena Lurraldebusentzat eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat:

  • BU13 linearen maiztasuna 15 minuturokoa izatea lanegunetan eta 20 minuturokoa asteburu eta jaiegunetan.
  • BU13 linearen zerbitzua indartzea goizeko orduetan (07:00-09:00) Donostiarantz eta arratsaldeko lehenengo orduetan (13:00-15:30) Astigarragarantz.
  • Autobus zerbitzu publiko zuzena bermatzea ospitaleetara eta unibertsitateetara, Lurraldebusek linea berri bat jarrita, dagoeneko badaukan linearen bat egokituta, edota dBus konpainiako 35garren linea luzatzeko baimena eman eta finantzaketan parte hartuta.

Xabier Urdangarin alkateak nabarmendu zuen, «oso arazo haundia» dagoela BU13 linearekin, eta goraino beteta joaten dela. «Datuak hor daude, Gipuzkoako zazpigarren linea erabiliena da», adierazi zuen. «Otsailean aurkeztu genituen eskaera horiek idatziz, baina ez dugu soluziorik eta erantzunik jaso Aldunditik. Horrela geratu behar al dugu Lurraldebusen hurrengo kontzesiora bitarte, beharbada 2031n? Ikusi dugu Astigarragatik mugimendu nagusia Donostiara dela, eta autobusa asko erabiltzen dugula eta behar dugula».

Proposamena EH Bilduren botoekin bakarrik onartu zen, oposizioaren babesik gabe. EAJ abstenitu egin zen, eta arrazoiak azaldu zituen Maria Otaegik: «Denok gaude ados arazo bat daukagula autobus zerbitzuarekin, baina ez zaigu gustatu aurkezteko modua. Autobus zerbitzuarena ez da Udalaren eskumena, baina bai dagokiola Udalari zerbitzu horiengatik borrokatzea; eta EH Bilduk, nahi izan duenean, lortu du. Aldundian esan digute proposamen bat egin dizuetela, eta zer pentsatua eman digu, nahita atzeratzen ari ote zareten, interes politikoagatik».

Horri erantzunez, alkateak argitu zuen «joan den astean», jaso zutela proposamen hori: «Inprobisazio hutsa da, eta arazoak dauzka; ezin da berehalakoan martxan jarri. Mugikortasun diputatuaren idazkariak deitu zidan, esanez autobus artikulatua jartzea izan zitekeela soluzioa, azkar xamar egin zitekeela, baina horrek eskatzen zuela Hernaniko geltoki nagusia aldatzea. Eta hori ez da txorakeria; Hernaniko Udalak denbora behar du hori lantzeko. Azkeneko asteko kontua da hori, otsailetik dauzkatenean gure eskaerak. Horri esaten zaio paso egitea».

PSE-EEk, bere aldetik, adierazpenaren kontra bozkatu zuen. Patxi Suarezek aitortu zuen Astigarragak ez daukala «behar duen zerbitzu publikoa», baina PSEk kudeatzen duen Mugikortasun Sailak «konpromiso argia» daukala, eta lanean ari dela hiru arazo horiei konponbidea emateko, baina ez dela erraza izaten arazo txikiena konpontzea ere: «Lantzen ari dira, eta ziur nago lortuko dugula ospitaleetara eta unibertsitateetara linea zuzena jartzea ere. Baina adierazpenaren kontra bozkatuko dut, ezin dudalako babestu lan hori zalantzan jartzen duen alderdi baten adierazpena».

Plenoaren bukaeran, herritar batek hitza hartu zuen, adierazteko «tamalgarria» iruditzen zaiola, «adierazpena ez onartu izana alderdi guztien babesarekin».


Kiroldegia birgaitzeko mailegua, onartuta

Plenoko beste zenbait puntutan ere, ez zen erabateko adostasunik izan. Esaterako, kiroldegia birgaitzeko lanetarako mailegua eskatzea proposatu zuen udal gobernu taldeak, eta abstenitu egin zen EAJ, ez dagoelako ados «kopuru horietako maileguak eskatzearekin». EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen. 4,5 milioi eurokoa izango da mailegua, 15 urteko iraupenarekin.

Aldiz, aho batez onartu ziren mahai gainean jarritako kontratazio-espedienteen ebazpenak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuarekin lotutakoa eman zuten ontzat aurrena. Bi lotetan banatu zuten, eta bietan Arreta Zerbitzuak SL enpresari esleituko diote zerbitzua: etxez etxeko laguntza zerbitzua, lanaldi arruntak orduko 26,40 euro eta jaiegunetakoak orduko 29,22 euro ordainduta (BEZik gabe); eta Marisa Garaño tutoretzapeko apartamentuen erabiltzaileentzako laguntza, 73.780,10 euroko prezioan.

Argindarrarekin lotutakoa izan zen beste kontratazio-espedientea: kontsumo puntu desberdinetako energia elektrikoa hornitzea, produkzio iturri berriztagarri eta seguruen bitartez. Hiru lotetan banatu zuten hori (argiteria publikoa, udal ekipamenduak eta udal etxebizitzak), eta hiruetan lortu du puntuazio altuena Iberdrola Clientes SAU enpresak. Aho batez onartu zuten berari esleitzea hiru loteak.


Biel Kontsumitzaileen Bizitza elkartearen mozioak, onartu gabe

Plenoaren bukaeran, bi mozio eztabaidatu zituzten, biak ere Biel Kontsumitzaileen Bizitza elkarteak aurkeztutakoak: 'Herritarren Bizitzaren eta Kulturaren aldekoa' bata, eta 'Covid-19aren kudeaketaren ebaluazio publikoaren aldekoa' bestea. Baina onartu gabe geratu ziren biak.

Aurrenekoan, abstenitu egin ziren EH Bildu eta EAJ, terminoen erabileragatik, eta kontra bozkatu zuen PSE-EEk, egindako eskaerak ez direlako «errealak». Bigarrenean, berriz, hiru alderdiak agertu ziren kontra, argudiatuz ez direla sartuko pandemia garaian egindako kudeaketa baloratzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!