Atzo eman behar zituen beste bi pauso Astigarragako Udalak, DBHko institutua eraikitzeko bidean, joan den astean Kronikan aurreratu bezala. Eta halaxe gertatu zen, aho batez onartu baitzituzten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bi eskaerak.
Plenoan landu zuten bata, institutua egiteko obrari %95eko hobaria aitortzekoa, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan. Horrela egin ohi da interes orokorreko eraikin publikoen kasuan.
Bestea, berriz, ondoren onartu zuten, Tokiko Gobernu Batzordearen bileran: obra baimena ematea.
Bi tramite horiek burututa, azkeneko bi pausoak falta dira orain: obrak esleitzeko lehiaketa egitea, eta obrak gauzatzea. Hezkuntza Sailaren aurreikuspenen arabera, urtebete barru hasi litezke obrak.