Bapo bazkaldu eta kantuan aritzeko tartea bihar, eztarria urratu arte

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 25a, 00:00

'Bapo kantari' kantu bazkaria antolatu dute Petritegi sagardotegian, eta kantuan aritzea gustuko duen edonor izango da ongi etorria.

 

Urteroko zitari eutsiz, bihar elkartuko dira 'Bapo kantari' taldekideak kantu bazkaria egiteko, Petritegi sagardotegian. Bapo bazkaldu eta kantuan ariko dira bazkalostean, eztarria urratu arte. Eguerdiko 13:30etan jarri dute hitzordua, eta kantuan aritzea gustuko duen oro ongi etorria izango dela adierazi dute antolatzaileek. 

Sagardotegiko menua dastatuko dute arrainarekin Petritegin, eta ondoren, kafea, kopa eta kantura!. Bazkaria 41,90 euroren truke izango da. Eta batez ere giroaz gozatuko dute hurbildutakoek.

Hamaika urte, 'Bapo kantari' taldeak

Orain dela hamaika urte sortu zuten 'Bapo kantari' taldea, Astigarragako ikastolako eta musika eskolako irakasle eta guraso batzuen artean, eta geroztik, urtero antolatu dute egun hau, pandemiako bi urteetan izan ezik eta jarraitzeko bidean dira datozen urteetan.

Aurten ere, gogo haundiz itzuli dira, eta asmoa bat eta bakarra da: bazkalostean kantuan aritzea, eztarriak eztanda egin arte. Hamaika urteak luzatzeko asmoa dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!