Martxan dago datorren urteko Astigarragako Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 23a, 00:00

Irabazlearen argazkia portadan joango da, eta beste 12 finalistak egutegian.

Azaroaren 4a izango da argazkiak bidaltzeko azken eguna. Aurtengo gaia 'Astigarragako urteko jai eta ospakizunak' da. 

Astigarragako Udalak martxan jarri du 2025eko egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Aurtengo gaia 'Astigarragako urteko jai eta ospakizunak' da, eta horrekin lotutako argazkiak bidali behar dira «kalean ospatzen diren jai eta egun berezi horiek egutegian islatzeko». 

Azaroaren 4a izango da proposamenak bidaltzeko azken eguna, eta bi bide ahalbidetu dituzte hori egiteko: batetik, Erribera kulturgunean pendriveak uzteko aukera egongo da, eta bestetik astigarraga.kultura@gmail.com helbide elektronikora bidali daitezke. Parte hartzaile bakoitzak gehienez 5 argazki aurkezteko aukera du. 

13 argazkirekin osatuko dute datorren urteko egutegia

Azaroan zehar hautatuko dituzte lehiaketako irabazleak. Argazkigintzan aditua den pertsona batek eta kultura batzordeko kideek osatuko dute epaimahaia, eta 13 argazki aukeratuko dituzte. 

Irabazleak 150 euroko saria jasoko du, eta egutegiko azalean argitaratuko dute argazkia. Gainontzeko 12 finalisten argazkiak barruko orrialdeetan argitaratuko dira, eta 80 euroko saria jasoko du argazki bakoitzaren egileak. Gehienez 300 euro jaso ditzake lehiakide bakoitzak. 

Sariak herriko establezimenduetan erosketak egiteko bonoen bidez banatuko dituzte.

Oinarriak, astigarraga.eus-en

Informazio gehiago behar duten herritarrek 943 33 50 64 telefono zenbakira deitu dezakete. Horrez gain, astigarraga.eus webgunean eskuragarri daude lehiaketaren oinarriak eta baldintzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!