2025eko egutegirako argazki lehiaketa martxan jarri du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 20a, 00:00

Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 4an, 09:00etan amaitzen da. Aurtengo gaia: 'Astigarragako urteko jai eta ospakizunak'.

 

Astigarragako Udalak 2025eko egutegia osatuko duten argazkiak hautatzeko lehiaketa antolatu du. Datorren urteko egutegirako gaia Astigarragako urteko jai eta ospakizunak izango da. Astigarragan urtean zehar, kalean, ospatzen diren jai eta egun berezi horiek egutegian jasotzea nahi da eta egutegiko 12 orrialdeetan hilabeteari dagokiona azaltzea.

Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 4a da, goizeko 09:00etarako. Epaimahaiaren erabakia eta sariak azaroko bigarren hamabostaldian banatuko dira. Argazkiak jasoko dituen 2025eko udal egutegia banatuko da abenduaren 16tik aurrera Astigarragako udaletxean, Erribera kulturgunean eta Astigarragako Astiko merkatarien elkarteko bezeroen artean.

Dena den, hilabeteko jardueraren batekin lotutako argazki egokirik ez balego, epaimahaiak hilabetearekin lotura duen beste gai bateko argazkia aukera dezake, baina lehentasuna jai eta ospakizunen inguruko argazkiek izango dute eta argazki guztiak Astigarragan ateratakoak izan behar dute.

 

Azaleko argazkiaren egileak 150 euro jasoko ditu eta hilabete bateko egileak berriz, 80 euro

Irabazlearen argazkia 2025eko egutegiaren azalean agertuko da eta 150 euroko saria jasoko du. 12 finalisten argazkiak egutegiaren hilabeteetako batean agertuko dira eta egileari argazkiko 80 euroko saria emango zaio, baina gehienez ere 300 eurokoa.

Saria jasotzeko, Astigarragan kokatutako denda, jatetxe, zerbitzu edo enpresaren bateko 2024ko abenduko faktura edo tiketa(k) aurkeztu behar dira Erribera kulturgunean 2024ko abenduaren 31 baino lehen.

 

14 urtetik gorako edonork parte hartu dezake eta gehienez, bost argazki

14 urtetik gorako edonork parte har dezake, jatorri mugarik gabe. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake. Gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako guztiak baztertuko dira.

Etzanak izan behar dute, JPG formatuan eta 5 Mb-8 Mb bitarteko pisuarekin eta DIN-A4 neurrirako. Pen-drive batean Erribera kulturgunera eraman edo astigarraga.kultura@gmail.com helbidera bidal litezke. Lanak bidaltzeko mezu elektronikan edo pen-drivean, egilearen datuak jasotzen duen izen-emate orria aurkeztu behar da. Mezu elektronikoa jaso izanaren baieztapena bidaliko da, hura jaso dela frogatzearren eta, jaso ezean, 943 33 50 64 zenbakira deitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!