«Partidu polita bezain gogorra izango da»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Hodei Exposito esku pelotari astigartarra.

Gaur jokatuko du Hodei Exposito astigartarrak 4 t'erdiko ligaxkako lehenengo partidua, Agirreren aurka.

Gaur arratsaldean ekingo dio Hodei Exposito astigartarrak promozio mailako 4 t'erdiko txapelketako ligaxkari. Agirreren aurka jokatuko du Sorian, 17:15etan hasiko den jaialdiko lehenengo partiduan.

Kanporaketan De la Fuenteri 22-20 irabaztetik dator Exposito. Ligaxkan egotea zen lehenengo helburua, eta hori beteta aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du astigartarrak. Dioenez, sasoi onean iritsi da txapelketara: «Uste dut uda ona egin dudala. Entrenatzeko aukera izan dut, fisikoa eta frontoia tartekatu ditut, eta iruditzen zait kantxan nabaritu dela. Prestaketa aldetik ez daukat aitzakiarik, orain espero dut egindako lana kantxan erakustea».

Agirre, Larrazabal eta Murua izango ditu aurkari ligaxka honetan, eta gaurko partidua gogorra izatea espero du: «Promozio mailan maila gorenean dabilen pelotaria da Agirre, lehenengo mailako atea jotzen ari da. Gaurko partidua polita bezain gogorra izango da, ni disfrutatzera aterako naiz, eta espero dut partidu polita jokatuta emaitza positiboarekin itzultzea Soriatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!