'A la yuklak, golpian bat!' sagardoaren bilakaerari buruzko erakusketa ikusgai dago Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 13a, 00:00

Azken 200 urteetako errepasoa egiten du erakusketak.

Urriaren 18ra arte izango da bisitatzeko aukera. Goizetan 09:00etatik 13:00etara joan daiteke, eta arratsaldeetan 16:00etatik 20:00etara.

Sagardoak eta sagardotegiek azken 200 urteetan izan duten bilakaera gertutik ezagutzeko aukera dago Astigarragan. Urriaren 3an jarri zuten Erriberako erakusketa gelan 'A la yuklak, golpian bat!' erakusketa, eta urriaren 18ra arte izango da bisitatzeko aukera. 

Erakusketak ibilaldi bat egitera gonbidatzen du bisitaria, garai eta testuinguru bakoitzean sagardoak izan duen garrantzia nabarmenduta: «Edariaz gain, sagardotegia elkartzeko, ospatzeko eta aisialdirako gunea izan da, non bolo jokoek, tokak zein bertsolariek giro paregabea sortzen zuten».

1880an, esaterako, aro berri bat hasi zen sagardotegientzat: «Sagarraren laborantza eta sagardoaren ekoizpena kritikoki nahiz zientifikoki aztertu ziren penintsulako zein atzerriko merkatuan hobetzeko eta lehiakor bihurtzeko». Hala ere, garai guztiak ez dira oparoak izan sagardogileentzat, diktadurak eragindako kalteagatik, besteak beste. Gutxigorabehera, 1980 inguruan hasi zen Gipuzkoako sagardogintza suspertzen, eta lan haundia eginda iritsi da sektorea egun bizi duen egoerara.  

Sagardoetxeak antolatutako erakusketa hau prestatzeko dokumentazio lan haundia egin behar izan dute aurretik. Ikerketa historikoa egiteaz Lourdes Odriozola historialari eta dokumentalista arduratu da, eta ilustrazioak Jokin Mitxelenak egin ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!