Dagoeneko martxan da txakurrak aske ibiltzeko eremu itxia, Andre Gobadarien ibai parkean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 00:00

Txakurrak aske ibiltzeko egokitu dute eremua, Andre Gobadarien parkean.

Asteazkenean zabaldu zuten, eta 950 metro karratuko azalera dauka. Iturria, zaborrontzia eta eserlekuak daude eremuaren sarreran.

Asteazkenean zabaldu zuten txa­kurrak aske ibiltzeko eremu berria Astigarragan, Andre Gobadarien ibai parkean. Eremuak 950 metro karratuko azalera dauka, eta eraikitzeko lanen kostua 43.117,25 euro ingurukoa izan da, Astigarragako Udalak aditzera eman duenez.

Eremuak hormigoizko zabal­gune bat dauka sarreran, eta bertan iturria, eserlekua eta zaborrontziak daude kokatuta.

Hortaz, txakurrak lotu gabe edukitzeko gune berri bat daukate astigartarrek. Izan ere, gainerako tokietan, arau orokorra honakoa da, Udalak gogorarazi duenez: txakurrak lotuta ibili behar dira, eta arriskutsutzat sailkatutakoak, beti muturreko­arekin. Eremu itxietan, ordea, aske ibiltzeko baimena daukate; eremu berri honetan, adibidez. Hala ere, arriskutsuak diren txakurrek beti eraman beharko dute muturrekoa, eta jabeen ardura da txakurren kakak jasotzea. 

Horretaz gain, badira zenbait eremu txakurrak aske ibili daitezkeenak, ordutegi jakin batzu­etan: ibai parkeko erdiko eremu­an, Mundarro plazan, Murgiako parkean eta Maskarrene bidean, neguan 19:00etatik 11:00etara eta udan 20:00etatik 10:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!