Beste urte batez, deskontu bonoen kanpaina antolatu du Astiko Elkarteak, Astigarragako Udalaren laguntzarekin. Zazpigarren edizioa du ekimenak, eta bihartik aurrera erosi ahal izango dira bonoak, goizeko 09:00etan hasita, www.astiko.eus webgunean. Azaroaren 3ra arte egongo dira salgai, eta abenduaren 31ra arte erabili daitezke bonoak. Ohi bezala, establezimendu jakin batean erabiltzeko bonoa erosiko dute erabiltzaileek.
Gainera, bonoak azkar erosteak saria izango du aurten. Izan ere, berrikuntza gisa, ohiko bono horiek erosten dituzten lehenengo 300 erabiltzaileek, 20 euroko bonoa jasoko dute opari. Opari-bono hori, beste kategoria bateko establezimendu batean erabili ahal izango dute, ohiko bonoa erosi duten establezimenduaren desberdina. Bost kategoriatan banatu dituzte establezimenduak, eta sistema aleatorio baten bidez, beste kategoria bateko bonoa jasoko du erosleak.
Horren helburua da «Astigarragako merkataritza eta ostalaritza ezagutzera ematea, eta establezimenduek bezero berriak erakartzea», azaldu dutenez. Opari-bonoak ere, abenduaren 31ra arte izango dira erabilgarri.
Urriaren 22an, bonoen berrantolaketa
32 establezimenduk hartuko dute parte aurtengo kanpainan, merkataritzakoak, ostalaritzakoak eta beste zerbitzuetakoak. Lau bono mota izango dira aukeran: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak. Baina establezimendu bakoitzak erabaki du horietatik zein eskainiko dituen.
Bono kopuru jakin bat izango da establezimendu bakoitzeko, baina banaketa berrantolatu egingo dute urriaren 22an: ordura arte saldu ez diren bonoak, berriro banatuko dituzte; eta beraz, bonoak agortuta dauzkaten establezimenduek, bono gehiago izango dituzte salgai.
%20ko deskontua izango dute bono guztiek, Astiko Elkartearen eta Astigarragako Udalaren elkarlanari esker. Hori horrela, bono bakoitzaren balioaren %80 ordainduko du herritarrak, eta beste %20a estaliko du Astikok, horretara bideratuko baitu Udalak ematen dion dirulaguntzaren zati bat. Beste zatia, berriz, opari-bonoak finantziatzeko baliatuko du elkarteak.