Zabalik dago Astigarragan saltoki bat irekitzeko 'Guztion' dirulaguntza eskatzeko epea, urriaren 31 bitarte. 2020an Astigarragako Udalak abiatu zuen lehenengo aldiz dirulaguntza hau, Guztion merkataritza ekintzailetza sustatzeko helburuarekin. Ordutik, 12 proiektu lagundu ditu Udalak, eta aurten ere, aukera izango da.
Bi laguntza lerro barnebiltzen dira, alde batetik, Astigarragako herri eremu osoan jarduera ekonomiko berri bat jartzen duen ekintzaileari bideratuta dagoen dirulaguntza da. Diruz lagundu daitezkeen kostuen artean, eraketa gastuak, merkatarien elkarteko kuota, komunikazio gastuak, eta kotizazio, aseguru eta aholkularitza zerbitzuak daude. Hala ere, eskatzaile bakoitzari, gehienez 1.500 euroko dirulaguntza emango zaio.
Bestetik, Astigarragako merkataritza eremu gune nagusian, hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian jartzen duen ekintzaileari zuzendua ere badago. Lehenengo lerroko kostuez gain, diruz lagundu daitezkeen kostuen artera gehitzen dira: lokalaren alokairua, egokitzea eta ekipamendua. Eskatzaile bakoitzari, gehienez 4.000 eurotako dirulaguntza emango zaio.
Bestalde, Astigarragako lokal hutsen poltsa publikoa eskuragarri dago, eta bertan kontsultatu daitezke zenbait lokalen ezaugarriak. Beren lokala iragartzeko interesa duten jabeek ere, informazioa eskuratu edota izena eman dezakete bertan.
Informazio zehatzagoa eskuratzeko eta zalantzak argitzeko, jarri harremanetan Udalarekin: 943 50 57 00 telefono zenbakira deituta edo tokigarapena@astigarraga.eus idatzita.