Herenegun egin zuen Astigarragako Udalak, ezohiko deialdian, ikasturte berriko lehenengo Plenoa. Zergak eta tasak izan ziren hizpide nagusia, eta hasierako onarpena eman zioten 2025eko Zerga Ordenantzari, EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJren kontrakoekin.
%3,6ko igoera orokorra aplikatuko da zerga eta tasetan (KPIa gehi %1). Horretarako, lau aldagai hartu dituzte kontuan, Xabier Urdangarin alkateak azaldu zuenez: «Batetik, urte askotan ez dira tasak igo, edo KPIaren oso azpitik igo dira; eta Udalak %15eko eros ahalmena galdu du azkeneko 5-6 urteotan. Bestetik, Astigarragako Udalaren presio fiskala bajuagoa da eskualdeko herri gehienena baino. Horrez gain, herriko familien errenta eskuragarria, batazbeste, beste herrietakoa baino altuagoa da. Eta azkenik, hobari sistema sendoa daukagu baliabide gutxien eta beharrizan gehien dituzten herritar eta familiak babesteko».
%3,6ko igoera hori izango dute tasa gehienek, baina igoera haundiagoa izango da lau kasu zehatzetan: IBIa %5 igoko da, uraren eta estolderiaren tasa %10, terrazen tasa ere %10, eta hondakinetan igoera haundia aplikatuko da, legeak eskatzen duelako zerbitzuaren kostu osoa estaltzea tasaren bitartez. Azkeneko horretan, kasu ezberdinak bereizi dituzte. Poligonoetako bilketa %28 igoko da; komertzioetan berrantolatu egingo dituzte tarifak, azalera kontuan hartuz eta hondakinen sailkapena hobetuz; eta etxebizitzetan, igoera ezberdina izango da, etxebizitzan erroldatutako pertsona kopuruaren arabera: 0-1 bizilagunen kasuan %30; 2-3 bizilagunekin %50; 4-5 bizilagunekin %60; eta 6 edo gehiago direnetan %75.
Proposamenaren kontra azaldu zen EAJ: «Udalak eros ahalmena galdu du, baina baita herritarrek ere. Beste herri batzuetara begira ibili gabe, gehiegizko igoerak iruditzen zaizkigu Astigarragan», azaldu zuen Maria Otaegik.
Bestalde, landu zituzten Kalexka eta Aisialdirako Zerbitzuak enpresek egindako eskaerak: eskuhartze eta prebentzio sozioedukatibo edota psikosozialeko zerbitzuaren kontratuan, KPIa baino igoera haundiagoa eskatu zuten, haien arloko lan hitzarmen berri bat indarrean sartu delako. Ez onartzea erabaki zuen Plenoak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Plenoko azkeneko puntuan, hainbat kontu aipatu zituen alkateak berak. Batetik, aditzera eman zuen dagoeneko hasi direla Añarbeko kanal berria egiteko lanak herrigunean, eta berri onak jaso dituztela: dirudienez, 5 metroko sakonera zulatu beharrean, 3 metrokoa zulatzea nahikoa izango da. Horrekin lotuta, azaldu zuen Oiarbide bideko konponketa lanak atzeratu egingo dituztela Añarbeko kanalaren obrak bukatu arte, obretarako bide hori erabili beharko dutelako.
Eta azkenik, jakinarazi zuen bi partehartze prozesu jarri dituztela martxan: bata gazteekin, kultur etxe zaharraren erabilera eta antolamendua erabakitzeko; eta bestea 55 urtetik gorakoekin, Urumea Berriko azkeneko etxepean sortu nahi duten elkargunea nolakoa izango den eta nola kudeatuko den zehazteko.