Ezin estuagoa izan zen Kizkia Taldearen sagardo txapelketako finala, joan den ostiralean. Puntu erdiko tartean sailkatu ziren aurreneko hirurak, eta Lizartzako Goikoetxea nagusitu zen azkenean, desenpatean: berdinduta bukatu zuen Zeraingo Oiharterekin, 130na puntu eskuratuta. Lizeaga astigartarra izan zen hirugarren, 129,5 punturekin, bigarren txandan ia sailkapena irauli ondoren.
Izan ere, bi errondatara jokatu zuten txapelketa, eta Goikoetxeak (66,5 puntu) eta Oihartek (67) alde nabarmena lortu zuten aurrenekoan, Lizeagak 62,5 puntu jaso zituen bitartean. Bigarrenean, ordea, alderantziz gertatu zen: 67 puntu eskuratu zituen Lizeagak, 63,5 Goikoetxeak eta 63 Oihartek, hiruen arteko sailkapena erabat estutuz.
Hernaniko Altzueta sailkatu zen laugarren postuan, 128 punturekin; Aiako Izeta izan zen bosgarren, 125 punturekin; eta Usurbilgo Saizar seigarren, 123,5 puntu eskuratuta.
Ohi bezala, Gure Izarra elkartean jokatu zuten txapelketaren finala. Bazkari baten bueltan dastatu zituzten finalera sailkatutako sei sagardoak, bertaratutako 50 bat lagunek.