Udazkenarekin batera, martxan da urriko kultur agenda Astigarragan, bihartik hasita. Helduen Hitza antzerki taldearen '¿Y ahora qué?' emanaldia ikusteko aukera izango dute astigartarrek, Erribera Kulturgunean. Galtzaur elkartearen eskutik dator emanaldia, eta gazteleraz izango da. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da antzezlana, eta sarrerak egunean bertan banatuko dira, doan.
Antzerki taldeak, gozotegian lan egiten duten Jone eta Maiteren istorioa kontatuko du. Antzezlaneko bi protagonistek, denda ireki dute auzoan, baina etxejabearekin arazoak dituzte, eta ahaleginak eta bi egingo dute errenta ordaindu ahal izateko. Antzezlan dibertigarria eta sorpresaz betea izango da.
Helduen Hitza 55 urtetik gorakoentzako irabazi asmorik gabeko erakunde bat da. Bertako kideek, zahartze prozesu hobea eta luzeagoa, aktiboagoa, osasungarriagoa, kulturalagoa eta parte hartzaileagoa edukitzeko egiten dute lan, baita ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak hobetzeko ere.