Sagar-Uzta berriari ongi etorri beroa egin zioten Astigarragan, Sagarraren Jaian

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 30a, 00:00

Eguraldiak lagunduta, egun borobila izan zen atzokoa.

Hasi da sagar-jotze garaia, eta sagardoa egiteko prozesua gertutik ezagutzeko aukera paregabea izan zen atzo, Astigarragako Foru plazan. 

 

Giro ezinhobean bildu ziren atzo bailarako sagardogileak, herritarrak eta bisitariak, Astigarragako Foru plazan. Esku batean edalontzia, eta bestean, txorixo pintxoa, horrela ibili ziren atzo Sagarraren Jaia ospatzen. Eta, begiak tolarean, sagardoaren prozesua gertutik ikusteko. 

Eguraldiak lagunduta, egun borobila izan zen atzokoa, haur, gazte zein helduentzat. Umeen txokoa, sagar eta muztio erakusketa eta dastaketa, herriko baserritarren produktuak, denetarik izan zen, baina helburua, urteko lehendabiziko muztioa probatzea zen. 

Goizetik martxan zegoen Astigarraga, 09:30etan Txirriskla taldeko txistularien dianak lagunduta. Egun honek badu zer esan eta zer erakutsi, sagardoa egiteko prozesua zein den ezagutzeko aukera paregabea izaten baita egun hau. Horretarako, goizeko 10:00etan Sagardoetxeko sagastiko sagarrak bildu zituzten, gaztetxoek lagunduta, ondoren, plazan bertan, muztioa egin ahal izateko. Udaletxeko plaza izan zen festaren erdigune, eta bertan izan ziren bailarako sagardogile ezberdinak, postuetan etxeko sagardoa banatzen.

Herriko baserritarren produktuen salmenta gunea ere izan zen, baita, azokako produktuak ikusi eta dastatzeko gunea ere.

12:30etan ohiko sagar dantza eta kirikoketarekin hasi zuten sagardoa egiteko prozesua, plazaren erdian jarritako tolareaz lagunduta. Txalapartaren hotsarekin batera, uztako lehenengo sagarretatik ateratako muztioa jarretan bildu, eta ingurukoei banatuta, topa herrikoia egin zen, 2024ko lehen muztioa ospatuz eta dastatuz. 

Urte honetako tenperaturak direla eta, lehengo urtean baina sagar gutxiago egon dela esan zuten adituek, aurten 'urte txarra' tokatzen dela. Hala ere, aurtengo sagardoa arina, aromatikoa eta edateko erraza izango dela ere nabarmendu zuten.  

 Ostegun arratsaldean hasi zuten astigartarrek Sagar Uzta festa, eta atzoko Sagarraren Jaiarekin amaitu zen. Hala ere, urrirako ere, egongo da zer egin sagar muztioaren inguruan. Urriko asteburuetan sagar muztio elaborazio tailerrak eskainiko dituzte Sagardoetxean, ostegunean 'A la yuklak, golpian bat' erakusketa inauguratuko dute, eta hilaren 10ean bertako eta nazioarteko sagardoaren dastaketa gidatua egingo dute Sagardoetxean. Herritar eta bisitari oro dago gonbidatuta jarduera hauetan parte hartzera.

 

 
 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!