TuttoVocek eta Eragiyokek kontzertua eskainiko dute gaur arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

TuttoVoce abesbatza izango da gaurko gonbidatu berezia.

Ahober abesbatza zikloko bigarren kontzertua izango da. 19:00etan hasiko dute emanaldia. 

 

Gaur arratsaldean eskainiko dute Ahober abesbatza zikloko bigarren kontzertua. Astigarragako Eragiyok abesbatzaren kantaldiarekin hasiko da saioa, eta Segoviako TuttoVoce abesbatzako kideak izango dira gonbidatu bereziak. 

TuttoVoce 25. urteurrena ospatzen ari da, eta egitarau berria eskaintzera etorriko dira Erriberara. Abesti latinoamerikarrak izan ohi dira abesbatzaren oinarria, eta musikarien laukote batek lagunduko ditu. 

Eragiyoketik nabarmendu dute aukera ona dela bi abesbatzen estilo «desberdin eta osagarriak» entzuteko: «Kontzertuaren hasieran euskal musikako klasiko batzuk zein Astigarragan orain arte eman ez ditugun piezak eskainiko ditugu, Miren Gabirondo pianoan lagun dugula». Amaieran, ordea, bi abesbatzek batera abestuko dute. 

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak eskuragarri daude Astigarragako Udalaren webgunean eta Erribera kulturgunean. 

Ahoberreko hurrengo kontzertua abenduan izango da.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!