Osteguneko pintxo potearekin hasi zuten Astigarragako XXIV. Sagar Uzta festa, eta bihar borobilduko dute lau eguneko egitaraua Sagarraren Jaiarekin. Sagarraren bueltako jarduera ugarirekin gozatzeko aukera izan dute astigartarrek aste honetan, eta txalaparta tailerra egin zuten atzo Herri Eskolako atarian.
Gaur bertan sagarraren kultura gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute herriko familiek Sagar Bira jardueran, Josu Osaren eskutik. Sagardobidean barrena ibilaldi bat osatuko dute, goizeko 09:30etan Foru plazatik abiatuta.
Ostegunean eskaini zuten festaren aurkezpen prentsaurrekoa Erriberan. Sagardoetxeko Leire Alkortak azaldu zituen egitarauaren xehetasunak eta nondik norakoak, eta festaren izaera nabarmendu zuten Xabier Urdangarin alkateak eta Antton Arka Goldeako kideak.
«Hemengo bizimoduaren parte bat da hau, oso berezkoa den zerbait. Urtero osatzen goaz, geroz eta elkarte gehiagok parte hartzen dute, eta Astigarraga ezagutzeko modu politenetako bat izan daiteke jarduera hauetan parte hartzea», azaldu zuen Urdangarinek. Arkak ere identitateari egin zion erreferentzia: «Herriko elkarte asko inplikatzen dira festa honetan, eta sentimendu horrek urteak daramatza herrian. Bihar hori plazaratuko dugu, izaera propiozko jarduera plazaratuko dugu. Baserritik herrira ekarriko dugu, baina beharrezkoa da herritik ekarpenak egitea baserriari ere».
Sagardoa egiteko prozesu guztia ikusgai, bihar
Goizeko 09:30etan hasiko da igandeko festa ere, Txirriskla taldeko txistularien dianarekin. Sagarraren Jaian sagardoa egiteko prozesu osoa gertutik ezagutzeko aukera izango da, sagarrak biltzetik urteko lehendabiziko muztioa ateratzera. Horretarako, 10:00etan bilduko dituzte Sagardoetxeko sagastiko sagarrak. Familian egiteko jarduera izango da bertakoa, eta gaztetxoek parte hartzeko aukera izango dute.
Sagardoetxetik 11:00k aldera abiatuko dira familiak Foru plazara, festaren erdigunea izango baita bertan. Kalejiran bertara iritsi ondoren, eguneko jarduera nagusiek hartuko dute lekukoa. XV. Sagar Uzta argazki rallya egingo dute 11:30etan, eta ordu berean hasiko da Sagarraren Azoka. Herriko sagardogile ugarik hartuko dute parte bertan, eta askotariko produktuak erosteko zein dastatzeko aukera izango da: «Sagar eta muztio erakusketa eta dastaketa, txertaketa erakustaldiak, herriko baserritarren produktuen salmenta, sagardogintzako lanen erakustaldia...».
Azokako produktuak ikusi eta dastatu ondoren, urteko lehenengo muztioa egiten hasiko dira astigartarrak. Ohiko sagar dantza eta kirikoketarekin hasiko dute prozesua, eta plazaren erdian jarritako tolarearekin amaituko dute.
Uztako lehenengo sagarretatik eratorritako muztioarekin topa herrikoia egingo dute Foru plazan bertan.
Horrekin amaituko da goizeko jarduera sorta, eta arratsaldeko 17:00etan afizionatu mailako pelota partiduekin girotuko dute Txomiñene frontoia.
Udazken zaporetsua, azarora arte
Sagar Uztaz gain, datozen asteetarako Udazken Zaporez izeneko egitaraua prestatu dute. Urriko asteburuetan sagar muztio elaborazio tailerrak eskainiko dituzte Sagardoetxean; urriaren 3an 'A la yuklak, golpian bat' erakusketa inauguratuko dute, bola eta toka jokoekin; eta hilaren 10ean bertako eta nazioarteko sagardoen dastaketa gidatua egingo dute Sagardoetxean. Antolatzaileen jarduera hauetan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei.
BIHAR, Foru plazan
09:30 Txirriskla taldeko
txistularien diana.
10:00 Sagar biltzea familiekin Sagardoetxeko sagastian.
11:00 Sagarraren kalejira.
11:30 XV. Sagar Uzta argazki rallya digitalean. Izena eman behar da.
11:00 Sagarraren kalejira.
11:30 Sagarraren azoka: sagar eta muztio erakusketa eta dastaketa, txertaketa erakustaldiak, herriko baserritarren produktuen salmenta, sagardogintzako erakustaldia 'baserri dolarean'.
12:30 Sagar dantza eta
kirikoketa, txalaparta eta 2024ko lehen muztioaren topa herrikoia.
17:30 Afizionatuen pilota
partidua.